AEKk ikasturte berriko matrikulazio-kanpaina hasi du

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 5a, 13:42

AEKk 2025-26 ikasturteko matrikulazio-kanpaina hasi berri du. Aurtengo kanpainaren leloa Euskara eroso ikasi eta bizi da eta Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat euskara ikastea doakoa eta irisgarria izatearen beharra azpimarratzen dute. Honez gain, era positiboan baloratzen dute doakotasunaren bidean egindako urratsak, hala nola, B2 mailara arte matrikularen dirua berreskuratu ahal izatea, edota ikasturte honetatik aurrera, A2n matrikulatuko direnek diru gutxiago aurreratu beharko izatea HABEren sustapenari esker.

AEKk eskainitako ikastaroen mailak A1etik C1erakoak dira, HABEk homologatutako euskaltegietan. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, adibidez, azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak, autoikaskuntza edota online ikastaroak.
 
Epea irailaren 29ra artekoa da eta Txorierriko AEKren euskaltegia Derion kokatuta dago, Gorbea kaleko 5. zenbakian, hain zuzen. Dirulaguntzak ere eskuratu daitezke ikastaro hauetarako, eta hauek banatzen dituzten erakundeak Eusko Jaurlaritza (HABE), Txorierriko Mankomunitatea eta Larrabetzuko Udala dira. Informazio gehiago behar izatekotan, 944 54 39 67 edo 607 59 87 94 telefonoetara dei daiteke edota txepetxa@aek.eus helbide elektronikora idatzi.