Bizkaiko Foru Aldundiak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak babesteko diru-laguntzen deialdia ireki du

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 15a, 12:45

Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du basafaunak eragindako kalteei aurre egiteko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategientzako laguntzen deialdia. Aurrekontu osoa 170.000 eurokoa da eta Bizkaiko erregistro ofizialean inskribatuta eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategien titularrek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.

Laguntza hauek hesi eramangarrien erosketa, artzain elektrikoak eta mastin txakurren elikadura-gastuak finantzatuko dituzte. Eskaera egiteko epea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun baliodunekoa izango da, eta diruz lagundutako inbertsioak eskaera egiten den egunetik 2025eko urriaren 15era arte egin ahal izango dira.

Honen bidez Aldundiak dio ustiategiei neurriak “erraztu” nahi zaizkiela, erasoei “aurrea hartzeko” eta euren jarduera lurraldean basafauna egotearekin “bateragarri” egiteko. Informazio gehiago jaso nahi edota zalantzak izatekotan, servicio.ganaderia@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi ahalko da.