Aisialdiko Begirale Ikastaroan izena emateko epea zabalik

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 16a, 12:50

Urtxintxa Eskolak Aisialdiko Begirale Ikastaroan izena emateko epea zabalik du. Eusko Jaurlaritzaren “Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale” agiri ofiziala lortzeko ikastaroa izango da.

Ikastaroaren helburuak hauek dira, Eskolaren hitzetan:

  • Aisialdi hezitzailea eta euskalduna sustatzeko agente aktiboak trebatzea.
  • Jendartean eragiteko eta eraldatzeko kontzientzia kritikoa garatzea aniztasunetik, parte-hartzetik, feminismotik…
  • Eduki desberdinen inguruan hausnartzea eta elkarrekin trebakuntza jasotzea, talde lanari garrantzia emanez. Sormena eta ikerketa lanak garatzea.
  • Aisialdian murgiltzeko teknikak eta baliabideak eskuratzea. Hezitzaileen funtzioak eta betebeharrak ezagutzea, gaitasunak lantzea. Edukiak jaso ahala, autonomia eta iniziatiba lantzea.
  • Haurtzaro eta nerabezaroaren kulturak ezagutzea, balioan jartzea eta horiek oinarri hartuta aisialdi egitasmoak antolatzea, dinamizatzea eta ebaluatzea.

Ikastaroa 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktikotan banatzen da, eta urritik 2026ko apirilera arteko asteburuetan izango da. 470€-ko prezioa du ikastaroak, eta baldintzak 17 urte izatea edo horiek 2025ean betetzea, DBHko titulua izatea eta euskaraz aritzeko gaitasuna izatea dira. Izena Urtxintxa Eskolako webgunean eman ahal izango da urriaren 3a arte, eta informazio gehiago nahi izatekotan, 944 320 445 telefonora deitu edo eskola@txorierri.eus helbidera idatzi ahal izango da.