Loiuko aireportua handituko dute

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 19a, 13:24

AENAk berretsi egin du Loiuko aireportuaren handitzea. Handitze hau AENAk duen 2027-2031 plan estrategikoaren baitan kokatuko da, eta plan osora 13.000 milioi euro bideratuko ditu. Handitzeari dagokionez, Santiago Calatravak diseinatutako La Paloma terminala mantendu egingo da, eta bi aldeetatik handitu, “hegoak zabaltzen dituela” irudikatuz. Honi esker, aireportuak 25.000 metro karratutan handituko du bere azalera.

Momentuz ez da zehaztu noiz hasiko den handitze hau, oraindik proiektu, plano eta diseinu asko burutu behar dira, eta burokrazia-prozesu hau lau urtez luza daiteke. Handitze honetarako AENAk 2008an pentsatuta zeukan handitzea berreskuratu du, krisi ekonomikoa dela eta geldiarazi zena. Honen bidez, Iván Grande aireportuko zuzendariak adierazi du DEIAn helburua “aireportuaren bidaiari kopurua 13-14 milioi bidaiarira handitzea” dela. Iaz, esaterako, aireportuak 6,3 milioi bidaiari izan zituen, eta aurtengo aurreikuspena ia 7 milioi bidaiarira areagotzea da.