Eusko Legebiltzarrak ez du onartu pentsiodunen eskaera tramitera sartzea

Aikor aldizkaria 2025eko irailaren 26a

Atzo Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen pentsiodunek egindako eskaera tramitera sartzea. Hauen eskaera nagusia gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea zen. 

Lege honi esker, kantitate horren azpitik kobratzen duten pertsonak izango lirateke onuradun, eta ez pentsiodun guztiak, Ana Mezo EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bozeramaileak azaldu duenez. Horretarako 145.000 sinadura bildu zituzten, lege ekinaldia Legebiltzarrean aurkezteko gutxieneko kopurua baino ia hamabost aldiz gehiago. EAJk, PSE-EEk eta Voxek honen aurka bozkatu zuten; EH Bilduk eta Sumarrek alde; eta PP abstenitu egin zen. Atzo herri ekinaldi legegile hau onartu izan balitz, ez litzateke legea zuzenean onartuko, baizik eta tramitera sartuko litzateke, alderdiek zuzenketak proposatu ahalko zituzten, eta Legebiltzarrean eztabaidatu, gero beste bozketa baten bidez legea onartu ahal izateko ala ez.
Honen inguruan, Ana Mezo larrabetzuarrak adierazi du hau “bidegabea eta adar jotze bat” dela, “ez dutela ulertzen”, eta haien proposamena “premiazkoa, bidezkoa eta beharrezkoa” dela defendatu du. Gainera, gogorarazi du 170.000 pentsiodunetik 100.000 inguruk jasotzen dutela 1.184 euro baino gutxiagoko pentsioa. Honez gain, Mezok dio sinadurak “banan-banan” jaso zituztela, kalean, bertan jarritako postuetan, etab. sinaduren batzea “zaildu” duena, baina sindikatu guztien “babesa” izan dute ere. Mezok gogorarazten du Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek, haiekin batzartu ostean, esan zietela haien proposamena “bikaina eta posiblea” zela, beraz “borondate politikoaren kontua” dela dio. Hala ere, “borrokatzen” jarraituko dute, “ia 8 urtez egin dugun bezala”.