Errigoraren Euskarari Puzka kanpaina martxan

Aikor aldizkaria 2025ko urr. 23a, 13:58

Errigorak martxan jarri du Euskarari Puzka deituriko kanpaina. Hauek diote Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileak (AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldiak “ezinbestekoak” direla euskararentzat, eta euskarak zonaldean “arnasa har dezan” egiten dutela lan. Hauek lanean jarrai dezaten, gainerako lurraldeetako euskaltzaleak “ezinbestekoak” direla diote, horregatik jarri dutela kanpaina martxan, Errigoraren sakiak eskatzean balioaren %25a Ager zonaldeko euskalgintzara bideratzen delako.

Txorierrin, Errigorako otzarak hurrengo lekuetan jaso ahal izango dira: Derioren kasuan, Marikobason eta Txepetxa AEKn; eta Zamudioren kasuan, Lagatzu Euskara Elkartean. Larrabetzun, Lezaman eta Sondikan ere jaso ahal izango dira, baina ez dira zehaztu oraindik zeintzuk izango diren banaketa guneak.
 
Auzolana eta Euskal Herria oinarritzat dituen ekimena
Ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri duena, eta auzolana, lanabes. Nafarroako hegoaldea ardaztzat du eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea asmoa du, hango elikagaiak Euskal Herri osoan zabalduz. “Egun batetik bestera handiagoa den komunitatea da Errigora. Herritarron, nekazarion, ekoizleon, euskaltzaleon eta kontsumitzaileon sarea gara eta ilusio handiz egiten dugu lan. Gure txikitasunetik, elkarlan handia sustatu nahi dugu, Nafarroak Euskal Herria behar duelako, eta Euskal Herriak, Nafarroa”.