24. Korrika aurkeztu berri da

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 13a

Gaur goizean aurkeztu da Korrikaren 24. edizioa, Euskara gara lelopean. 2026ko martxoaren 19a eta 29aren artean ospatuko da. Ibilbidea Atharratzen (Zuberoa) hasi eta Bilbon bukatuko da, eta omendua Errigora izango da, “euskaratik, euskararentzat eta euskaraz egiten ari den ahaleginarengatik”.

Maialen Begiristain AEKren Nazio Kontseiluko kideak honakoa esan du Korrikaren inguruan: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.

Korrika-ko arduraduna den Ane Elordik Korrikaren leloa azaldu du, izan ere, jendartea du helburu: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”. Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...”.

Nahiz eta Korrika martxoan ospatu, ordura arte hainbat ekintza antolatu dira, Korrika Kulturala, adibidez. Bertan, ikuskizun nagusia Kaka antzezlana izango da, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea. Azaroaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean, eta ondoren hainbat herritan ikusteko aukera izango da.