Kontatu genuen ere Aitor de la Concepción eta Iñigo Aurrekoetxea txorierritarrek Euskal Herriko Harri-zulatzaileen Binakako Txapelketa irabazi zutela Gallartan. Aurrekoetxea txapeldunorde izan zen ere banakako txapelketan: “irabazteko aukera handia nuen, baina harria ez zegoen ondo josita lurrean eta gauzak ez ziren nahi moduan atera. Hala ere, pozik gaude: bigarren postua lortu dugu eta Binakako Txapelketaren irabazleak izan gara, Ez dago txarto”.
Iñaki Suarez larrabetzuarra Bizkaiko VIII. Sumiller Txapelketan garaile izan zela kontatu genuen ere: “Lanbide honek aurreiritziak baztertzen lagundu dit: poteotan lagunak ni baino exijenteagoak dira”.
Gurean izan zen Antonio Alvarez Solis kazetari ezaguna, Derioko Batzokian hizlari, eta bizi genuen garai politikoari lotutako titularra utzi zigun: “Zeregin historikoa duzue eta hori oso lan neketsua da”.
Aldizkariaren gai nagusia San Martinak eta txerri-hiltzea izan ziren: “Bostak eta iluna, txarria hilteko eguna”. Sondikako Gezuraga baserriko Aitor Madariaga eta Ana Mari Bilbao eta Lezamako Txikitoena baserriko Imanol Uriarte izan genituen protagonista, txerribodaren nondik norakoak konta- tzen. Txarria-hilteko argibideak ekarri ditugu gogora:
Pausoz pauso (aikor 42 / 2005eko azaroa)
Hil aurreko lanak
Ilbehera izaten zan hilerik onena, Kontzepzinotik aurrera, otsailera arte. Hotz dagoanean, saiheskiak, solomoak eta besteak hobeto lehortzeko. Hil aurreko egunetan hasten dira prestatze lanak: bai txarria hilteko tresnak atontzen, bai mortzilak egiteko behar diran porru, kinpula gorria, arroza, perexila... batzen, txikitzen eta egosten. Txarria hil aurreko egunean ez jako janari askorik emoten, eta gauean, ezer be ez. Horrela hesteak garbiago izango ditu.
Txarria hil
Gantxoa okotzean sartuta, txarritokitik ateraten da, atzeko ankea soka bategaz lotuta, gero mahai ganean errazago ipinteko. Horretarako hainbat gizonen laguntzinoa behar izaten da. Mahai txiki baten ganean ipini eta aberehiltzaileak kutxiloaz sangretan dau, bihotza ikutu barik. Momentu horretan andrazko bat prest egoten da zinkezko baldeagaz odola batzeko. Andrazko horrek odola dariola eragin egingo dau, hotzitu arte. Eta loditzen utzi barik, eta zanak kentzen. Beti eragingo dau alde baterantz. Odola mortzilak egiteko erabiliko da. Txarria behin hilda, iden ganean ipinita, alde guztietatik ondo erretan da. Erreta dagoanean, ginerra bategaz kentzen jako iden arrastoak eta ur epelagaz, lapiko tapakaz, kutxilo eperdiaz kentzen jako errea.
Berriro mahai txiki baten ganean ipinita, txarria hotzituteko zabaltzen da. Papadatik hasita tripa behera zabaldu behar da. Hesteen aldera heltzean, barrutik kanpora ebagiten da kontuz (horrela ez jake hesteai kalterik egiten). Hor agertzen dira: barasarea, gantzagiak, gibela, kuntzurrunak, bihotza, biriak, hesteak.... Horreek guztiok kazula baten ipinten dira. Andrazkoen lana izango da hesteak garbitzea, baita gibela saltsan jartzea be, lanetan lagundu daben gizonai emoteko. Txarria hutsituta eta barruak ur hotzagaz eta trapu fin bategaz garbituta, eskegi egiten da hurrengo egunera arte. Ondo lehortzeko, kainabera bategaz tripa aldea zabalik mantentzen da eta bizkarrezurra aihotzaz ebagiten da. Lehenengo lana hesteak banatzea eta ondo garbitzea da.
Odolosteak egiten
Antxina errekara eroaten ziran garbitzera, ur korrontean. Bueltak ondo emon eta gatz, ozpin eta uragaz igurtzi behar dira, ha-tsa kentzeko. Eta barriro uragaz garbitu. Odoloste-maseaz beteko dira heste horreek. Kinpula gorria eta porruak koipe apur bategaz egosi behar dira, baita biriak be uragaz eta gatzagaz. Arroza be ondo egosi behar da. Biriak, basarea, gantzagaiak eta perexila txikertu eta odolagaz nahastauko dira. Gatz-puntuan jarri eta hesteak nahasketaz beteko dira. Ondoren, nahi dan neurrian lotu eta mimenakaz txortak egingo dira. Tankar handi batean ura eta porru orriak ipini eta, dana bero dagoanean, odolosteak bertara botako dira gardostera. Gardostu eta gero, “barandetan” lehortzen eta gogortzen itxiko dira.