Euskararen eguna: Kontzientziazioa helburu

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 26a

Lagatzu eguna. Gure jendea

Euskararen Eguna abenduaren 3an izan arren, Txorierriko Mankomunitateak azaroaren 26a eta abenduaren 4a artean ekintzak antolatu ditu Txorierriko adin guztietako herritarrentzat, Lagatzu Euskara Elkartearen laguntzarekin. Aurten Zamudiori egokitu zaio Euskararen astearen gune izatea  eta ekintza nagusiak Olatz Salvadorren kontzertua  eta bertso poteoa izango dira.

Urtero lez, Txorierriko Mankomunitateak Euskararen Egunarekin lotutako ekintzak antolatu ditu eta aurten, Zamudion ospatuko dira. Horregatik, Lagatzu, Zamudioko Euskara Elkartea ere aritu da antolakuntza lanetan Mankomunitatearekin batera. Hiru kategoria nagusitan bana daitezke prestatu diren ekintzak: alde batetik, herri ikastetxeetara bideratutakoak, azaroaren 26a eta 28a bitartean; asteburukoak, publiko zabalaren- tzat, azaroaren 28 eta 29an; eta azkenik, Txorierri Institutura bideratutako ekin-tza, abenduaren 4an izango dena.

Laura Martinez Mankomunitateko euskara teknikariak ekintza horien helburuak azaldu ditu: “txorierritarrek ederto pasatzea, gozatzea eta euskaraz parte-hartzea, azkenean hori baita nahi duguna, txorierritarrentzako gune bat izan dadila”. Horrez gain, adin tarte guztientzako ekintzak antolatzearen garrantzia azpimarratu du.

Esan bezala, Euskararen Asteari herri ikastetxeetako ekintzekin emango zaio hasiera. Azaroaren 26a eta 28a bitartean izango dira, Zamudioko kiroldegian. Bertan Txorierriko 1.276 umek hartuko dute parte. Zamudioko eskolak hartuko du ume guztiei harrera egiteko ardura. Kiroldegia “natura” bihurtuko dute eta bertako umeek egingo dituzte saio guztietako aurkezpenak. Lehenengoa 4-6 urte bitarteko umeentzako antzerki emanaldia izango da, azaroaren 26an. Aizpea Goenagak idatzitako ikuskizunaren izena “AMAMA; irrifarrearen ondarea” da, eta bertan “amamen figura goraipatu” egiten dela dio Martinezek, “amamek oparitzen diguten jakituriari, pazientziari, maitasunari… omenaldia” eginez. Azaroaren 27an, 7-9 urte bitarteko umeek “Aroa eta Mirariak” deituriko magia ikuskizunaz gozatu ahalko dute, Asier Kidam magoaren eskutik. Eskolako ekintzekin bukatzeko, azaroaren 28an, 10-11 urteko umeek Euskaraokea! izango dute. Martinezek dioenez 180 euskal kanta bidali zaizkie eskolei, eta hauek bat aukeratu eta prestatuko dute eszenatokian plazaratzeko. Zerrenda horretan ez dago soilik “ETS eta Bulego”, Martinezek dioen moduan, “betiko kantak eta umeek ezagutu beharko lituzketenak” ere badaude.

Adin guztientzako asteburua
Asteburuan izango dira, hala ere, txorierritar guztientzako ekintzak. Azaroaren 28an, barikua, “Lagatzu Eguna. Gure jendea” bideoaren emanaldia egongo da 19:00etan, Kultura Etxean. Bertan, ekainean egin zen Lagatzu Eguneko irudiak ikusi ahal izango dira, eta 20 minutu inguru iraungo ditu. 20:00etan, asteburuko ekintza nagusia izango da, elizan. Olatz Salvadorrek kontzertua eskainiko du, “Zainak eman” diskoren biraren barnean. Horren inguruan, Martinezek dio “euskal emakume musikarien loraldi honetan, horietako bat ekarri nahi izan” dutela, eta honekin eliza “txiki geratzea” espero duela.

Zapatuan, azaroaren 29an, 18:00etan, umeek grafiti tailer batez gozatu ahal izango dute. Bertan, umeek parte hartu ahal izango dute mural baten sorkuntzan, eta ondoren mural horiek plazaratu egingo dira. Asteburuko ekintzekin bukatzeko, bertso poteoa abiatuko da 19:30ean Arbolantxa kaletik. Bertoko elkarteak girotuko du  saioa, eta bertan arituko dira Etxahun Lekue larrabetzuarra, Oihana Bartra eta Igor Elortza. Gai-jartzailea Iñaki Beitia “Arbildu” loiuztarra izango da. Gainera, institutuko Zamudioko zenbait gaztek aurkezle lanak egingo dituzte bertso poteo horretan.

Aurtengo euskararen egunari amaiera emateko, abenduaren 4an, Derioko Gurea aretoan, “Elkarrizketa musikatua” ekimeneko bi saio egingo dira Institutuko ikasleentzat, “gure abeslariak, gure kultura eta gure kantak” ezagutu ditzaten, euskara teknikariaren hitzetan. Han egongo dira Iker Villa (STR) eta Eneko Irastorza (Enbata Lorade), eta aurkezle lanetan Ainhoa Etxebarria. Bertan gazteek galderak egingo dizkiete, elkarrizketatuen kantuak entzun, eta haiek ere eszenatokira igo eta musika jo edo abesteko aukera izango dute.

Euskaraz bizitzearen garrantzia
Aurreikuspenei dagokienez, Martinezek dio Mankomunitatetik “jendea erakartzea” espero dutela, izan ere, ilusio handiz osatutako programa da eta “punta-puntako jendea ekartzen” saiatu dira, Olatz Salvadorren kontzertuan edo bertso poteoan adibidez. Gazteak ere erakarri nahi dituela dio  “Zamudioko zenbait gazte bertso poteoko aurkezleak izango dira” eta horrela gazteak ere hurbilduko direlakoan dago.

Horrelako ekintzen bidez, euskaraz bizitzearen “kontzientzia” nabarmendu nahi dela dio euskara teknikariak. “Euskaltzaleak aktibatu behar gara; konplexuak alde batera utzi eta euskaraz bizi. Dendetara, tabernetara goazenean euskaraz eskatu. Parrandak euskaraz egin, haserretzen garenean euskaraz bronka bota eta euskalduna izateagatik harro egon. Azken finean norberaren  aukera da. Zenbat eta herritar gehiagok barneratu hori, orduan eta euskara gehiago entzungo dugu kalean. Ez dago besterik”.