Deustualdeko Prest! eta Uriola hedabideek ixtea erabaki dute, arazo ekonomikoak direla medio

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 27a

Hau idatzi nahiko ez genukeen albisteetako bat da. Izan ere, Tokikom-eko taldekide diren Prest! aldizkaria eta Uriola hedabide digitalek abenduan itxi egingo dutela iragarri zuten atzo, Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Bertan aritu ziren hizlari Idurre Villanueva, Prest! aldizkariko zuzendaria, eta Jone Gartzia langile ohi eta kolaboratzailea.

Hainbat hilabetetan hedabide hauen bideragarritasuna aztertu ondoren, arazo ekonomikoek eragindako egoera “sostengaezina” dela adierazi zuten. Hainbat hilabetez “presiopean” lanean aritu ondoren, “prekarietatetik” hartu dute erabakia. Izan ere, “azken urteotan inprimatze edota banaketa gastuak nabarmen igo dira, eta diru-sarrerak aldiz, ez”. Horren inguruan aipatu zuten Berbaizu Euskara Elkarteak eta Hor dago Abante! konpartsak “zuloa murrizten” lagundu dutela, baina ez dela nahikoa izan itxiera ekiditeko. Hauen zein gainerako eragile eta kolaboratzaileen babesa ere eskertu zuten. 

Honez gain, azpimarratu zuten “azken urteotan ahalegin bat egon den arren, ez dela benetako apusturik egin Bilbon euskarazko hedabideak sendotzeko”. Gainera, nahiz eta arazo ekonomikoen ondorioz itxi, Gartziak argi utzi zuen proiektu komunikatiboaren helburua “ez dela sekula izan diru-sarrerak lortzea”: “Helburua beti izan da nagusiki erdalduna den Bilbon euskarari bultzada ematea. Funtsezkoa ikusten baitugu euskaldunok aukera izatea informazioa gure hizkuntzan kontsumitzeko”.

Atzoko agerraldiaren inguruan, Villanueva Prest! aldizkariko arduradunak dio agerraldi horrekin pisu handiena zuen zama gainetik kentzea lortu zutela: “Hedabide nahikotxo hurbildu ziren prentsaurrekora, eta beste askok idatzi izan dizkigute mezuak animatzeko. Beraz, nahiz eta eman genituen albisteak txarrak izan, oso pozik gelditu ginen denok, agerraldiaren osteko sentsazioa positiboa da”.