Kale hezitzailea: Gazteen eta instituzioen arteko lotura ezezaguna

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 11

Bi urte daramatza Josuk Txorierriko kale hezitzaile gisa. 16 eta 30 urteko gazteentzat zuzendutako proiektu honetan, gazteak instituzioekin lotura sortzeko bitartekari lanak burutzen ditu. Honek nabarmentzen du nagusiagoek izan ohi dutela erantzun hobea, aurretik bizi izan zutelako proiektu hau, eta gaur egungo gazteenen artean, "parte-hartze txikiagoa" ikusten duela.

Non daude Txorierriko gazteak? Non sartzen dira? Zer egin daiteke haien parte-hartzea sustatzeko? Behar horretatik abiatuta, kale hezitzaile baten proiektua jarri zen martxan eskualdean. Proiektu hau “GazteEkin” deitzen da, eta 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat zuzenduta dago, haien beharrak asetzen saiatzeko, eta zalantzak argitzeko. Kale hezitzaile honek Josu du izena, eta bi urte daramatza lan hau burutzen.

Kale hezitzailearen proiektua pandemia aurretik egon zen martxan, baina COVIDaren ondorioz, hura geldiarazi egin zuten, jendea ez baitzegoen kalean. 2023ko ekainean berrabiarazi egin zen proiektua. Honen helburu nagusietako bat da “gazteen artean balio eta ohitura osasungarriak sustatzea, adikzioen eta indarkeria sexistaren inguruko prebentzioak bereziki azpimarratuz”. Josuk dio hasieran proiektu hau lonjetan oinarritzen zela, bertan elkartzen baitziren gazteak. Baina gaur egun, “ia ez daude”, Josuren hitzetan, “agian 5-6 Txorierri osoan, lehen Derion soilik agian 11 zeudenean”.

Drogen prebentzioa eta txapelketak
Proiektu honen oinarri nagusietako bat da gazteekin drogen prebentzioa buru-tzea, eta gomendioak haien inguruan, “debekuak kontrakoa lortzen duelako”: “Zerbait debekatzen digutenean guk gehiago nahi dugu hori, horrelakoak gara”, dio. Honez gain, gazteen parte-hartzea sustatzeko bost txapelketa antolatu dituzte orain arte, pala, padel eta frontenisekoak, besteak beste. Parte hartzea ona dela dio Josuk, 15 pertsona baino gehiago biltzen baititu, baina neska gutxi apuntatzen direla dio: “Lehenengo bi txapelketetan, ez nuen bat ere lortu. Mutilen partaidetza lortzea errazagoa izan da, ez dakit ni mutila naizelako ala zergatik”. Erronka, ekintzetan neska gehiagok parte hartzea dela dio.

Gainera, hitzaldiak egin izan dira, etxebizitzaren inguruan, adibidez. Baina ez zuen arrakasta handirik eduki: “Txorierri osotik egin genuen hedapena, institutuekin, Politeknikan eta bestelakoetan. Eta nahiz eta horretan ibili, soilik 6 pertsona joan ziren hitzaldira. Hala ere, hurrengo hitzaldira gazte gehiago hurbildu dira”. Gazteen proposamenak ikusita, batez ere kirolaren aldetik saiatzen da bultzatzen gazteen partaidetza. Horrez gain, txapelketetan ohitura bat duela dio Josuk: “Nik beti txapelketa bakoitzean galdetegi bat egiteko ohitura hartu dut, galdetzeko zer hobe daitekeen, proposamenak jaso… Eta gazteek erantzuten dutenaren arabera, proposamen horiek helaraztea, eta udaletxeek baten bat hartuko dute, eta beste batzuk ez”. Hala ere, udaletxeek gazteekiko duen konpromiso hori “goraipatze- koa” dela dio: “Esango nuke helarazitako proposamenen %80a burutzen dela, agian hilabete horretan ez, baina agian denbora bat pasa ondoren, hiru hilabetetan edo egin izan dute”.

Josu gizarte hezitzailea da, eta bertan ikasitakoa aplikatzen saiatzen da bere egunerokotasunean. Batez ere “entzutea” dela garrantzitsuena dio, eta ez duela inoiz proposatzen dioten ezer zalantzan jartzen: “Gero politikariek erabakiko dute hori egin ahal den ala ez, baina nik proposamen hori helarazten diet”.

Etorkizuneko arriskuak
Josuk belaunaldi berriek arrisku batzuk dakartela ikusten ari dela dio. Adibidez, gizarte osoan ikusten ari den matxismo eta bestelako jokabide desegokien gorakada nabarmentzen du. Hala ere, Txorierrin gutxiago ikusten dela dio, izan ere, “herri txikiak dira eta denek elkar ezagutzen dute”, eta ez dela “tokiko arazo” bat, baizik eta “gizarte mailakoa”. Gazteenen artean, batzuetan jokatzeko modu desberdinak ikusten dituela ere nabarmentzen du. Izan ere, gaur egun gazte askok esaten diote txapelketa batera edo bestera joango direla, eta ondoren bertan ez agertu, Josuri jakinarazi gabe. Txapelketa horiek doakoak izateak zerikusia izan dezaketela dio. Izan ere, nahiz eta noizbait eskatu kopuru txiki bat ordaintzea apostu bezala edo sari hobeagoak lortzeko, Josuk argi dauka hauek doakoak izan behar direla. Hau nagusiagoak diren gazteekin ez dela gertatzen azpimarratzen du, harekin harremanetan jar- tzen baitira azaltzeko zergatik ezin diren joan nahiz eta hasieran baietz esan.

Bestalde, Txorierriko herri bakoitza “errealitate bat” dela dio, beraz antolatutako ekintza baten arrakasta erlatiboa da: “Herri baten agian zerbaitek izugarrizko arrakasta du eta bestean ez, eta alderantziz”. Hori bai, betiere alkohola tarteko izan gabe, nahiz eta gaur egun “normalizatuta” egon. Orain grafitiarekin erlazionatutako ekintza bat dauka eskuartean, Emaus-ekin batera.

Josuk ordutegi malgua du, baina orokorrean hurrengo ordutegia izan ohi du: astelehen eta eguaztenetan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara; martitzenetan, goizeko 10:00etatik 14:30etara; eguenetan, goizeko 10:00etatik 14:00etara; eta barikuan, arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara. Baina esan bezala, “moldatu” egiten da aldaketaren bat badago. Horrez gain, hilabetean behin zapatu batean egiten du lan ere, astean zeharreko egun baten ordez, normalean txapelketak daudenean. Beraz, 16 eta 30 urte bitartean baduzu, Josu hortik ibiliko da zu laguntzeko prest.