Haurdunaldirik ez baldin badago, zikloa bukatu eta hilerokoa izango dugu, hurrengo zikloko lehenengo egunean sartuz. Nola jakin dezakegu hau gertatzen den ala ez, eta modu egokian gertatzen den? Gure gorputza behatuz.
Zorionez, emakumeon gorputzak Zeinu Ugalkor batzuk sortzen ditu egunero. Biomarkadoreak ere deitzen dira eta hauek, azaldutako fase bakoitzaren islada dira. Beraz, zeinu hauek behatuz, fase bakoitzean gertatzen ari dena jakin dezakegu eta osasuntsua den ala ez konfirmatu.
Biomarkadore hauek moko zerbikala, bulbako sentsazioa eta gorputz tenperatura basala dira. Lehenengo biek fase folikularra isaldatzen dute eta hirugarrenak fase luteoa. Hau da, folikuluak heltzen baldin badira, estrogeno famatuak jariatzen dira eta estrogenoek umetokiko lepoan mokoa sortzen dute. Horrela, folikuluen tamainaren arabera, estrogeno mailak aldatuko dira eta mokoa eta sentsazioa ere aldatzen joango dira. Moko eta sentsazioak, beraz, folikuluen heltze prozesua gertatzen ari den ala ez esango digute eta gertatzekotan, modu egokian ala ez ematen ari den.
Folikuluak heltzen doazen heinean, mokoak eta sentsazioak aldaketa progresibo bat izango dute, estrogeno mailek bezela. Geroz eta moko urtsuagoak eta elastikoagoak eta sentsazio bustiagoak ikusiko ditugu zenbat eta estrogeno gehiago izan gorputzean; hau da, zenbat eta folikulu helduagoa izan; hau da, zenbat eta obulaziotik gertuago egon.
Progresio hau egunetan zehar gertatzen da, aste betean zehar orokorrean. Aldaketa hauek, egun batean, bukatu egingo dira eta bat batean, moko eta sentsazio gabe geldituko gara. Honek zer esan nahi du? Folikuluaren heltze prozesua bukatu egin dela eta ziurrenik apurtu egin dela. Nola dakigu apurtu den ala ez? Hirugarren biomarkadorearekin: gorputz tenperatura basala neurtuz.
Tenperatura baxua izango da heltze prozesuan zehar, mokoa eta sentsazioak ditugun bitartean (36,4ºC inguru). Heltze prozesua eta gero, folikulua apurtzen baldin bada, gorputz luteoak progesterona jariatuko du eta honek gorputzeko tenperatura igotzen duenez, guk igoera ikusiko dugu egunero neurtzen baldin badugu (0,2-0,5ºC-ko aldaketa).
Ez hori bakarrik, igoera ikusteaz gain, tenperatura altuan mantendu egin beharko da hurrengo hilekoa etorri arte (37ºC inguru). Mokoa eta sentsazioa estrogenoen ondorioz emango dira eta tenperatura aldaketa, progesteronaren ondorioz.
Laburbilduz, zikloa osasuntsua den ala ez jakiteko, moko eta sentsazio progresio bat izan behar dugu hilekoa eta gero Fase Folikularrean zehar eta heltze prozesu hau bukatzean tenperatura igo egin behar da gutxienez 12 egun mantenduz Fase Luteoan. Hau dena ematen bada, zikloa ziurrenik osasuntsua izango da. Ez baldin bada ematen, desoreka hormonal baten seinale izango da.