EMAUS

"Anclados", EMAUSen hirugarren film laburra

Nagore Lopategi Escallada, Komunitatearen eraldaketarako teknikaria 2025eko abenduaren 22a

Zinemaz hitz egitea istorioei buruz hitz egitea da. Batzuek hunkitu egiten gaituzte, beste batzuek pentsarazi, eta gutxi batzuek zeharka ikusten ditugun errealitateetara leiho bat irekitzeko gaitasuna dute. Espiritu horrekin jaio zen ANCLADOS, Emaús Gizarte Fundazioaren gizarte programetan parte hartzen duten pertsonek sortu eta protagonizatutako hirugarren film laburra. Ez da soilik film bat egitea, baizik eta ahotsa eta presentzia ematea gehiegitan planotik kanpo geratzen direnei.

Oraingo honetan, Txus, Mikel eta Juan dira protagonistak, etxegabetasun-egoeran dauden hiru pertsona, euren egunerokotasunera agertzera gonbidatzen gaituztenak. Istorioa azkar, agian azkarregi, aurrera egiten duen hiri batean gertatzen da, bazterretan bizi direnak alde batera uzten dituen batean. Haiek aukeratu ez duten errealitate batean harrapatuta bizirauten dute, hainbat baldintzengatik, saihestezina egiten zaiena. Zinemaren bidez, haien zailtasunak soilik ez, baizik eta aurre egiteko, harremanak izateko eta bestelako etorkizun bat irudikatzeko gaitasuna ere partekatu nahi dute.

Proiektuaren helburua argia da: zinema adierazpen- eta sentsibilizazio-tresna gisa erabiltzea. Istorio bat lehen pertsonan kontatzeak eragin berezia duelako. Askotan ezagutzen ez ditugun edo ziurtzat jotzen ditugun esperientzietara hurbiltzen gaitu, eta esperientzia horiek bizitzen dituzten pertsonekin emozionalki konektatzeko aukera ematen digu. Horrela, zinema zubi bihurtzen da: begiradak batzen ditu, galderak piztu eta nolako komunitatea izan nahi dugun pentsatzera gonbidatzen gaitu.

Etxegabetasunari buruz hitz egiteko beharra premiazkoa da. Azken zifrek egoera kezkagarria irudikatzen dute: Euskadin 4.400 pertsona baino gehiago bizileku-bazterketa larrian daude, etxerik gabe, hain zuzen. Zenbaki horren atzean prekarietateak, bakardadeak eta ikusezintasunak markatutako bizitzak gaude. Espazio segururik ez izateak egunero aire zabalari, ziurgabetasunari eta aukera faltari aurre egitea dakar. Eta zifrak zirrara egiten badu ere, garrantzitsuena da ez garela estatistikez ari, pertsonez baizik.

Emaús Gizarte Fundazioan ikusten dugu etxegabetasuna geroz eta handiagoa dela gure lurraldeetan. Hori dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zaigu hausnarketa kolektiboa bultzatzea. Zein da eraiki nahi dugun etorkizuna? Zer espazio eraldatu nahi dugu bertan bizitzeko? Nola berma dezakegu inor kanpoan ez geratzea?

ANCLADOS, zentzu honetan, gonbidapen bat da. Aurrez aurre begiratzeko, entzuteko, elkarrizketak irekitzeko eta guztiontzako inklusiboagoa den gizarte-egitura bat irudikatzeko gonbidapena. Gauzak aldatu baino lehen onartu egin behar baitira. Eta gauza gutxik laguntzen dute barrutik kontatutako istorio on batek bezain beste.