MENDITIK PATXADAZ

Baztango Alkurruntz, bunkerrak eta gehiago

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

Nafarroako Baztan aldera joko dugu berriro, Alkurruntz mendira. Sorpresaz beteriko igoera polita. Paisaia ikaragarri polit batetik igotzen dugun bitartean aurkituko ditugu: menhirrak, bunkerrak, babeslekuak eta ia tontorrean frankismoak defentsarako zulatutako tunel luzea, bi bunkerretara doana. Gozatu egingo dugu 7 kilometroko ibilbide zirkular honetan.

Baztan igarota Otsondo portua igo eta ezkerretara doan bidea, Orabiderantz, hartu eta laster, 600 metrotara, autoa aparkatu dugu. Aurrez aurre, hegoaldean, dugu Alkurruntz mendi ederra, bere haitz ikusgarriekin. Gorantz egin dugu zuzen, edo nahi bada sigi-saga aldapa gutxitzeko. Malda erdian edo, lehenengo haitzak pasatuta, menhirrak aurkitu ditugu, bi. Inork daki zergatik jarri zuten harritzar hauek hemen zutik, baina lekuak merezi du. Atsedena hartu eta argazkien ondoren eskuinetara egin dugu, belarrean susmatzen den bidezidor bat jarraituz. Aldapa moteldu da eta apurka-apurka bidezidor honek lepora eramango gaitu. Baina lehenago, seinale txiki baten ondoan, beste menhir handi bat dago, lurrean botata. Aurrera jarraituz iturri bat dago eta laster lepoa.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Hona helduta ezkerretara dagoen bunkerra aurkitu dugu. Gero norabidea aldatuz berriro tontorrerantz joan gara zuzen, harrizko eskilara batzuk igo eta plataforma batera heldu gara. Estazio sismikoa den gune itxi bat dago aurrez aurre, ezkerretara zulo-aho bat, geroago esploratuko duguna. Haitzen artean kontuz, bidezidorra jarraituz laster tontorrera heldu gara. Ez dago dudarik, buzoiak eta cairn handi batek hala adierazten du. Haitzen artean apur bat aurrera eginez iparralderantz, mugarantz, bunker baten gainera heldu gara. Ez ahaztu frankismo lehen garaian eginda daudela Europatik etor zitekeen erasoaren beldur. Ez da erreza bunkerra nabaritzea, zeren gainean gaude, koordenadak izatea lagundu gaitu. Zulo estu batek bunkerrera ematen du burdinazko eskilara jaitsiz gero. Ez gara sartu eta apur bat aurrera eta ezkerretara eginez bigarren bunkerraren zuloa aurkitu dugu. Atzera egin, bistaz eta bertan aurkitu ditugun zaldiaz gozatu eta lehen ikusi dugun zulo-ahoan sartu gara. Linternaren laguntzaz aurrera egin 100 eta piku metro, ez du arriskurik harrian zulatutako tuneltxo honek, eta bunkerretara heldu gara, lehenago batera eta gero bestera. Lehen gainean egon gara eta igotzeko zuloak ikusten dira.

Itzulera beste aldetik egin dugu, hasieran sigi-saga doan lurrezko pistatik eta gero mendiari itzulia egiteko harrizko pista luzea, ez hain atsegina. Hemen haitz handi bat, Errolan harria deitua, aurkitu dugu eta aurrerago, pista ertzean gudako babeslekuak. Laster autoa utzitako lekuraino heldu gara.

Behin hemen egonda merezi du kilometro bat aurrerago ezkerretara dauden bunkerrak bisitatzea, hainbat daude, eta bata oso berezia, handia, hotela dirudi. Antza agintarientzat eginda zegoen. Eta ezin utzi esan gabe inguru honetan Urdazubi dagoela, bertan kobak eta Axularren etxea ikus daitezke, eta apur bat aurrerago Zugarramurdi, bere koba famatuak eta sorginen museo gomendagarriarekin. Otsondotik beste aldera eginez Infernuko Errota bisitatzea ere ez da ideia txarra. Bai, badago nondik ibili.