Gabonetarako menua

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

Hona hemen gabon hauetarako Gaizka Eguskizak egiten digun menu proposamena.

 

 

 

Ganba eta barazki zakutxoa

Osagaiak:
4 brick ore-orri
2 olio koilarakada
Ganba zurituen pakete erdia
Porru bat
Tipula bat
Azenario bat
Zapo izoztuaren 2 solomo
Intxaur muskatu apur bat

Prestatzeko era:
Zartagin batean, bi koilarakada oliorekin, txikitan xehatutako barazkiak salteatu. Kolorea hartzen hasten denean, ganba zurituak desizoztu gabe gehituko ditugu, eta arrain-solomoak txikituta. Gatzpipertu eta utzi arraina prest egon arte. Ganben nahastea iragazki txinatar batean iragazi, eta presioa ondo egin barazkiek eta ganben buruek zuku guztia aska dezaten. Brick ore-orriak hozkailutik aterako ditugu, erabiltzeko unean bertan, bestela erabat lehortu egiten baitira eta erraz hautsi daitezke. Orri bat edo bi jarri. Jarri bi koilarakada betegarri orrien erdian eta itxi zakutxo bat osatzeko. Lotu gero kenduko dugun hari batekin, edo tipulin edo porru pixka batekin. Kontua da forma ondo mantentzea. Gauza bera egin zakutxo guztiekin, eta paperez forratutako labe-erretiluan jarri. Laberatu 210º-ra 10-15 minutu inguru. Momentuan zerbitzatu ganba-saltsarekin.

 

Labean erretako txerri-azpizuna

Osagaiak:
2 txerri azpizun
1L gatzun %10
3 golden sagar
3 Granny Smith sagar
500 gr patata pure
Oliba-olioa
Gatz eta pipermina
Apoperrexila
Gurina

Prestatzeko:
Azpizuna gatzunetan sartu 20 minutuz. Zuritu eta zatitu mota bakoitzeko bi sagar, ontziratu eta egosi 85ºC-tan, 40 minutuz. Hoztu. Birrindu 10 gr oliba-oliorekin eta erantsi apoperrexil xehatuaren zati bat. Moztu gainerako sagarrak aletan eta salteatu gurinarekin. Markatu sutan azpizuna, jarri sareta batean, sartu labean 140ºC-tan 22 minutu. Labetik atera eta gozatu.

 

Gazta ketuz eta intxaur ozpinez betetako  tomatea hirugihar karraskariarekin

Osagaiak:
4 tomate ertain
100 gr leka
Kuiatxo erdia
5 zainzuri berde
20 gr urdaiazpiko
2 kg oliba-olio
3 koilarakada haragi-salda
Ura
Gatza
Oreganoa
Ozpina
Intxaur olio 6 koilarakada
Sagardo ozpina 2 koilarakada
Limoi zuku koilarakada txiki bat
Granny Smith sagar laurdena
4 intxaur

Prestatzeko era:
Tomate betea: Tomateak ur irakinetan egin eta zuritu. Moztu tomatearen oinarria eta barrualdea hustu. Mamia hazirik gabe kontserbatu. Urdaiazpiko xehatua eta barazkiak salteatu, gehitu haragi-salda, oreganoa eta tomate-mamia. Epela dagoenean, gehitu gazta eta tomatea bete. Bero mantendu.

Ozpina prestatzeko lehenik eta behin nahastu eta irabiatu olioa, limoi-zukua eta ozpina, gehitu sagar birrindua, intxaurrak eta apailatu.

 

Patata minak

Osagaiak:
Bi patata handi
Perrexila
Oliba-olio birjina estra leuna.

Saltsa minarentzako (brava):
Oliba-olio birjina estra
3 baratxuri-ale
3 pipermin
250 gramo tomate, azalik eta hazirik gabe
Jerez zaharrezko ozpina
Gatza
Azukrea
Piperbeltz zuria

Alioliarentzako:
Oliba-olio birjina estra
Baratxuri ale bat
Arrautza gorringo bat
Gatza

Prestatzeko era:
Moztu patatak xafla lodietan eta, sagarrei bihotzak kentzeko tresnarekin, moztu zilindroak. Egin zulo txiki bat patata-zilindro bakoitzaren goialdean, eta jarri melatzen zartaginean edo ontzian oliba-olio ugarirekin. Melatuta daudenean, frijitu beste zartagin batean oliba-olio bero ugarirekin, pixka bat urreztatu arte. Saltsa mina (brava): Zartagin batean, oliba-olio birjina estra pixka batekin, xafletan moztutako baratxuria eta pipermin xehatua arin frijitu. Baratxuriak urreztatuta daudenean, gehitu tomate zurituak, hazirik gabe eta laurdenetan moztuak. Zuzendu gatz, pipermin eta azukrea, eta arin frijitu minutu batzuk. Prest dagoenean, puregailutik pasatu, kolorerik gal ez dezan, eta hozkailuan hozten utzi. Aliolia modu tradizionalean prestatu.