Batetik, kapitalismoaren metaketa fase baten amaieran eta beste baten hasieran gaude eta ordena berria nork ezarriko duen lehia dago. Botere lehia horrek, zein AEBek euren nagusitasunari eutsi nahi dion, munduan gatazka belikoak areagotzea ekarri du. Azpimarratzekoa da azken urteetan palestinar herriaren aurkako genozidioaren gordintzea.
Bestetik, gazteok prekarizazio prozesu izugarria bizi dugu 2008ko krisialditik hona; krisia besterik ezagutu ez duen belaunaldia gara. Ikasketak izateak ez digu lan duin baterako ezta etxebizitza baterako sarbidea bermatzen ere.
Azaldutako testuinguru ezegonkorraz baliatuta, eskuinak jendearen beharrekin konektatzea lortu du. Horretarako, diskurtso erreakzionarioak zabaldu dituzte herri sektore zaurgarrienak elkar konfrontatuz. Betiere, aberastasunaren jabetza gutxi batzuen eskuetan egotea kolokan jarri gabe.
Azkenik, Euskal Herrian faxismoa, nahitaez, españolismoan eta estatuko nazioen ukapenean oinarritzen da. Horren adibide dira, azkenaldian, euskara jasaten ari den oldarraldi politiko eta judiziala edota autodeterminaziorako eskubidearen ukapena.
Ernaitik estrategia independentistan berresten gara, estatu propio batek mundu mailan zein herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko gaitasun politikoa emango digulako. Hala ere, argi dugu prozesu gradual bat dela, eta burujabetza kuota handiagoak lortuz joan behar garela.
Logika horretan, azken urteetan aurrepausuak eman dira. Ezker independentismoa hegemonia lehian ari da askotariko planoetan. Elektoralki EAJrekin lehian zein udaletan balio ezkertiar, feminista eta euskaldunetan oinarritutako proiektu eraldatzaileak sustatuz. Baina baita kale mailan ere: abenduan milaka ikaslek hezkuntza euskaldunaren alde kaleak betez, faxismoari kaleetan aurre eginez eta ikur españolistak ezabatuz, Guggenheim Urdaibai bezalako proiektu txikitzaileak geldiaraziz, bizi baldintza duinak borrokatuz eta beste hainbestetan. Horiek bestelako baldintza batzuk eraiki dituzte Euskal Herrian mundu mailako mehatxuen aurrean.
Ernai datozen hilabeteetan ere agente aktiboa izango da, gazteentzat heldulekuak eta norabide politikoa eskainiz. Urtarrilaren 24an Larrabetzun ospatuko den Independentzia Egunean, martxoaren 17an 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabakitzearen aldeko greban, Korrikan, Gazte Topagunean… ikusiko dugu elkar.