Greba mugagabea egiteko aukera mahai gainean jarri ostean, osasun sistema publikoetako medikuek beraien mobilizazioak biderkatuko dituzte. Datozen hilabeteetan astebeteko grebak egingo dituzte, otsailetik ekainera. Lehena, otsailaren 16ko astean.
Hurrengokoak dira greba egunak: otsailean, 16tik 20ra; martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra. Greba aste horiek “lehen etapa” direla adierazi dute.
Medikuak mobilizazioak eta grebak egiten ari dira Espainiako Osasun Ministerioari estatutu propio bat eskatzeko. Funtsean, haien “prestakuntza, ardura eta baldintza bereziak” aintzat hartzea. Espainiako Gobernua osasun langile guztientzako estatutua negoziatzen ari da, eta medikuek estatutu edo oinarrizko lan baldintza propioak eskatzen dituzte, haien lanari egokituak. Gainera, medikuek salatu dutenez, osasun langileen estatutuaren negoziazioetan ez dute indarrik: medikuen ordezkari bat badago negoziazio mahaian, baina ez du botoa emateko eskubiderik.