Bizkaiko nekazariak Bilbora deitu dituzte eguenerako, EBren eta Mercosurren itunaren aurka

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 27a

Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek protestara deitu dituzte herrialdeko nekazariak Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa salatzeko. Diotenez, “trukerako txanpon modura” erabili dute nekazaritza, “autogintzaren eta beste sektore batzuen mesedetan”. 

‘UE-Mercosur stop! Elikadura ez da merkantzia’ lelopean osatuko dute mobilizazioa. Bizkaiko hainbat lekutatik abiatuko dira, Bilboko San Mames zelaiaren aurreko zabalgunean elkartzeko. Handik elkarrekin abiatuko dira Arriaga antzokiko plazara.

Nekazaritzako bi sindikatuek "pozik" hartu dute Europako Parlamentuaren erabakia, Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiari irizpena eskatzekoa, EB-Mercosur Elkartze Akordioaren eta Behin-behineko Merkataritza Akordioaren eta EBko Tratatuen arteko bateragarritasunari buruz. 

Mobilizazioa

Traktoreak 10:00ak aldera iritsiko dira San Mameseko zabalgunera, Ibarsusi, Elorrieta eta Zorrotzako hiru zutabetan sartuta. Goizeko 11:00etatik aurrera, Arriaga antzokirantz abiatuko dira, Bilboko kale nagusiak zeharkatuz. Sindikatuek dei egiten diete herritarrei, traktoreen ibilbidean nekazaritza-sektoreari babesa eta elkartasuna erakusteko.