“Euskararen egoera larri honetan ikusten dugu gazte olatu bat, gazte bultzada bat ezinbestekoa dela, eta honetarako sortu dugu Korrikarako proposamena. Gaur inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dugu euskararen aldeko bulkada berri bat eragitea, eta Korrikak horretarako testuinguru aproposa eskaintzen du, gazteontzako pizkunde berri bat eragiteko, euskararen aldeko gazte olatua”.
Ekintza kolektibo bat sortu nahi dutela azaldu dute, Korrika batzordeak “gaztetu” nahi dituzte. Euskal Herriko auzo eta herritan osatzen diren batzordeetarako gida bat prestatu dute euskararen bueltako kontzientziazio eta aktibaziorako: “Helburua da gure auzoko gazteria euskararekin mugitu eta konpromisoak hartzeko erronkak bultzatzea”.
Gazte olatu hori ikusarazteko bereizgarria sortu dute, gazte zapia, eta Korrikak iraun bitartean jantzita eramateko deia egin dute: “Korrika batzordeetan egingo den lan hori ikusarazteko eta indar kolektibo horren bereizgarri bat edukitzeko beharrizana ikusi dugu”. Hortaz, euro baten truke batzordeetan eskuratu ahalko da zapia.
Korrika arduradun Ane Elordik adierazi bezala, "pozik" hartu dute Gazte Euskaltzaleen Sarearen proposamena eta eskertuta agertu da: “Gazteoi askotan esaten digute zer egin behar dugun, eta hori baino, uste dugu beharrezkoa dela gazteoi ekiteko eta eragiteko espazioak eskaintzea”.