Azpiegitura estrategiko hori berritzeko eta egokitzeko lanen bigarren fasearen hasiera lanak dira. Fase horrek zazpi hilabete iraungo du, baina zirkulazioari gehien eragingo diotenak lehen seiak izango dira. Obrek 12,8 milioi euroko inbertsioa izango dute aurreikusita, eta “Bilboko bide konexio nagusietako baten segurtasuna, eraginkortasuna eta iraunkortasuna indartzea dute helburu”. Fase honek jarraipena ematen die 2024an hirugarren tunelean, Ugasko eta La Salve artean, hasitako lanei, eta Artxandako hiru hodiak modernizatzeko plan integrala osatzen du.
2002tik martxan dauden Artxandako tunelek Bilbo Txorierrirekin, aireportuarekin eta Bizkaiko Parke Teknologikoarekin lotzen dute, eta 30.000 ibilgailu erregistratzen dituzte egunero, batez beste.
Bigarren tunela (Ugasko–Txorierri) ixten den bitartean, Bilbo eta Txorierri arteko lotura lehen tunelaren bidez (Salbea–Txorierri) eta Enekuriko eta Santo Domingoko ohiko sarbideen bidez egin beharko dute herritarrek.