Larrabetzun Maskarita Eguna ospatuko dute barikuan egun osoko egitarauarekin. Horrez gain, ez da ahaztu behar larrabetzuarrek Maskarada egingo dutela martxoaren 14an. Lezaman zapatuan elkartu dituzte ekimenak, barikuan eskolako guraso elkarteak antolatu ditu ekimenak. Lezamako Gazte Asanbladak gazte bazkaria antolatu du 15:00etan, eta ostean ping pong txapelketa egingo dute. Udaletik mozorro lehiaketan parte hartzeko baldintzak gogoratu nahi izan dituzte. Taldeak gutxienez sei taldekoak izan behar dira 300 euroko bonoa irabazi ahal izateko. Besteak beste egun osoko animazioa, karrozak edo gehigarriak, koreografia edota publikoarekiko interakzioa hartuko du kontuan epaimahaiak.
Zamudion ere bi lehiaketa dira protagonista nagusiak asteburuan. Batetik, Zu Izar lehiaketan izena emateko azken eguna gaur da. Lau kategoria banatu dituzte: 0-5 urte, 6-11 urte, 12-18 urte eta 18 urtetik gorakoa. Banaka zein taldeka parte hartu daiteke eta irabazleak 100 euroko bonoa jasoko du, bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak 60 euro. Domekako Tostada Lehiaketan bi motatakoak aurkeztu daitezke: ogizkoak eta ahizkoak. Partaide bakoitzak gutxienez dozena bat aurkeztu behar ditu. Txapeldunak 80 euroko irabaziko ditu, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 40 euro.
Udalaren egitarauaz gain, Inisitue Gazte Asanbladak ere bere ekintzak antolatu ditu barikurako. 19:15ean Bertokogaz kalejira osatuko dute kultur etxetik hasita eta ostean poteo musikatua egingo dute. Gogoratu dute mozorroetarako deia euskal inauteriak direla eta mozorro onenarentzako saria egongo dela. Gai horrekin lotuta ere Lagatzu Euskera Alkarteak euskal inauterien mozorro tailerra antolatu du barikuan 18:30ean, kultur etxeko gimnasio gelan.
Otsailaren 13tik 15era ospatuko dituzte Derioko Inauteriak eta udalak adin guztientzako egitaraua antolatu du. Egitarauko ekintza izarretako bat mozorro lehiaketa da, aurten 1.275 euro banatuko dituzte sarietan. Eguenera arte, otsailak 12, eman daiteke izena lehiaketan.
Mozorro lehiaketako sariak:
- Bakarkakoak
- Lehen saria: 100 euroko bonoa PC Max eta Ipuinak dendetan
- Bigarren saria: 75 euroko bonoa PC Max eta Ipuinak dendetan
- Talde txikiak (6 pertsona gehienez)
- Lehen saria: 175 euroko bonoa herriko taberna eta dendetarako
- Bigarren saria: 125 euroko bonoa herriko taberna eta dendetarako
- Hirugarren saria: 100 euroko bonoa herriko taberna eta dendetarako
- Talde handiak (7 pertsona edo gehiago)
- Lehen saria: 350 euroko bonoa herriko taberna eta dendetarako
- Bigarren saria: 200 euroko bonoa herriko taberna eta dendetarako
- Hirugarren saria: 150 euroko bonoa herriko taberna eta dendetarako
Loiun udalak ez du egitaraurik antolatu, Batzokiak bakarrik eta bertan osatuko dituzte ekimenak. Erandiogoikoan, aldiz, hainbat talde elkartu egin dira auzoetako jai batzordeak, Apurtuarte futbol taldea edota Goi Alde dantza taldea. Hain zuzen ere, dantza taldeak Lantzeko inauteria dantzatzen joango da zapatuan auzoetatik: 10:00etan Faoeta, 11:00etan Arriagan, 12:00etan Asuan, 13:00etan Goierrin eta 14:00etan Arteagan. Euskadi Plazan osatuko dute azken emanaldia 19:00etan.