Itzuliako 4. etapak Txorierri zeharkatuko du

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 13a

Apirilaren 9an Galdakaon hasi eta amaituko da etapa eta bidean Txorierriko hainbat herri zeharkatuko ditu. Viveroko igoerak erabakigarriak izan daitezke. Igor Anton txirrindulari ohiak diseinatu du etapa.

Txirrindulariek ostera ere hartuko dituzte Txorierriko errepideak. Apirilaren 6tik 11ra Itzulia lehiatuko dute eta laugarren etapa bailarako hainbat herri zeharkatuko ditu. Galdakaotik aterako da tropela eta Larrabetzurantza joango da Busturialdera eta Mungialdera bideratzeko. Santo Domingotik sartuko dira txirrindulariak Txorierrira eta Derio eta Zamudio zeharkatuko dituzte Vivero igo arte. Gero, Larrabetzutik berriro Galdakaorako bidea hartuko dute.