Hotzak gagozenerako berbak

Txorierriko Mankomunitatea 2026ko otsailaren 25a

Urte hasiera hotza euki dogu. Hori datu objektiboa dan arren, sarritan hotz edo bero sentsazinoa oso ezbardina izaten da lagun batetik bestera. Etxean zein beharlekuan, esaterako, beti hotzak dagozan pertsonak daukaguz: hozberak.

Lartxo esatea badirudi be hotzak hilik egoten dira pertsona  horrek, hori dala-eta Txorierrin hotzakilak esaten jake. Halangoei hozkirriak be esaten deutsee batzuek, baina gure artean berba hori normalean eguraldi freskoa izentatzeko erabilten dogu, baita hotzikara adierazoteko be. Hotzikarak, dana dala, sukarrak edo giroa hozteak eragiten dauzen horri esaten deutsagu. Ezpainetako pupei be hotzikarak esaten deutsegu; erderaz “calentura”.

Bitxia bada be, Euskal Herrian hozberak edo hotzakilak makaltzat hartu izan dira. Horren erakusgarri dogu hozkil berbea. Adiera bi daukaz: 1) hozbera, 2) ahula.

Esanak esan, haize fina dabilen sasoi honetan, onena erropa aproposa janztea eta babesean ibiltea, dinoen lez adinagaz hozberatu egiten gara eta.