Gorliztik Lemoizera, Armintzatik

Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2026ko martxoaren 25a

Bizkaiko kostaldetik jarraituko dugu oraingoan. Gorlizetik Armintzara egingo dugu hasteko, nahiko ezaguna den ibilbidetik, Ermuamendi igoz. Lemoizko elizaraino hurbilduko gara azkenean. Eta bidean, patxadaz joanez gero, badago zer ikusi. Hondartza eta eraikuntza ederrak, harri bihurtutako dunak, gotorlekua, bunkerrak, itsasargia, portua, errotak, arte erromanikoa... eta itsasoa beti presente gure gaurko 14 kilometroko mendi ibilbidean.

Gorlizeko elizaren eta alboko eguzki erlojuarekin hasi dugu ibilaldia. Bertako panel batek beste garai batean herrixka nola izan zitekeen ondo adierazten du. Hondartza ederrerantz abiatu gara, eta ia ibilbide osoan lagun izango ditugun GR123ko marra zuri-gorriak aurkitu ditugu. Berreskuratutako hareatzetatik goazela hor dugu handi eta ederra, itsas erietxe moduan eraiki eta gaur egun Gorlizko Ospitalea dena. Antza, hormigoi armatuz egindako lehenengotarikoa da. Inguratzen duen horma irudia ere ikustekoa da.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Hondartza amaituta harri bihurtutako duna aurkitu dugu, aldapa gora zuhaitzen babespean hasi aurretik. Goian paraje ederraz gozatu, apur bat jaitsi eta ezkerretara egin dugu, Askorriagako gotorlekua zegoen lekuraino, XVIII. mendean eraikia itsasontzi ingelesen erasoen beldurragatik. Egun, hondakin batzuk besterik ez dira gelditzen. Berriro bidean, farora doan errepidea hartu dugu, eta bertara heldu baino lehen, ezkerretik doan bidezidor estu batetik sartu gara. Zuhaitzen artean doan bidezidor polita da, itsasoaren gainean. Amaieran, bunkerrekin egin dugu topo. Hauek frankismoak eraikita daude Europatik etor zitezkeen erasoen beldur. Geratzen den kanoi bateriaraino jaitsi gara. Atzeko muralak gogoratzen duenez, lan behartuetan, presoen izerdi eta odolez eraikiak izan ziren. Bunkerren barrutik egin dugu igoera faroraino, argi baten laguntzaz. Faroa berria da, 1990. urtean eginda, Kantauriko garaiena.

Markak jarraituz Ermuamendi igo-tzen hasi gara, eta laster, ezkerretara beste bunker pare bat aurkitu ditugu. Grafiti artean, aspaldiko marka kurioso batzuekin egin dugu topo, punteria zehazteko omen ziren. Tontorrera igo gara, ez da zaila, eta postontziaren ondoan dauden paraje itzelez gozatu ostean, aurrera egin dugu, aterpe antzeko baten ondotik pasatu eta jaisten hasi gara. Nahiko pista aspergarritik Armintzako portu politera heldu gara. Kaia eta txalupak ikusi ostean, talaira igo-jaitsi eta hondartzan amaitu dugu. Arezkoa ez izan arren, oso ederra da, eta nola ez, flischak hemen ere irudi oso politak sortzen ditu.

Ibilbidea hemen amaitu zitekeen, baina hiru kilometro gehiago eginez, Lemoizko erdiguneraino joan gara bide ederretik. Horretarako, orain GR 280ko markak jarraituz, harrizko zubitxo politetik erreka gurutzatu eta hainbat ola eta errota izandako baserri ondotik pasatu gara. Olatxu, Goikola, Dendariena, Arteaga, Aurtene eta Goikoerrota. Hainbat ur-kanal ikusgai daude oraindik. Urizarreko garbitokia pasatu eta elizako kapitel erromaniko bitxiak bisitatzen amaitu dugu ibilbide ederra.