“Euskal Herriak era masiboan erakutsi du euskara garela eta euskara izan nahi duela”

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 30a

Korrika “arrakastatsua” izan dela esan du AEK-k. Parte-hartzea masiboa izan dela adierazi dute: “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”. Inoiz baino lekukohartze gehiago izan dira, 3400tik gora.

Korrika arduradunek azpimarratu dutenez, “Babes zabala izan du 24.Korrikak, eta ez da egon jende gutxiko kilometrorik”.Nabarmendu dute 24.a “Pizkundearen Korrika” izan dela, “Pizkunde berri baterako lehen txinparta. Horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita”. 

Euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita. Izan ere, haien esku-hartzea “ezinbestekoa” dela diote azken helburura heltzeko: “Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”. 

12. eguna

Era berean, AEK-k 12. eguna izeneko ekimena iragarri du agerraldian: “Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.

“Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu”. Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola emango dute, doan, 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez

direnentzat. Gainera, maiatzaren 21erako 65 mintzodromo antolatuko dituzte. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz. “Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu”.