“Merkalagun”: euskara saskira

Txorierriko Mankomunitatea 2026ko apirilaren 9a

Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak proiektu pilotu bat jarri du martxan: Berbalagun taldeak, tokiko estable- zimenduetara eraman ditu, euren mintzapraktika saioak egoera errealetan egiteko eta aldi berean tokiko merkataritza sustatzeko. 

Euskaraz egitea fruta-dendan, ile-apaindegian edo tabernan gero eta ohikoagoa izatea da Euskara Zerbitzuaren helburuetako bat. Horretarako jarri da martxan merkalagun izeneko proiektua, Berbalagun programako kideak eta “Euskararen Lagunak” sareko establezimenduak elkartzen dituen ekimena.

Proiektuaren bidez, Berbalagun taldeek euren mintzapraktika saioetako batzuk herriko dendetan eta tabernetan egiten dituzte. Horrela, euskaraz aritzeko aukera, ohiko ikasketa edo elkarrizketa testuingurutik harago eramaten da, eguneroko egoera errealetara hain zuzen: erosketak egitera, produktuei buruz galdetzera edo dendariekin berba egitera.

Ekimenak bi aldeentzat ekarpenak ditu. Alde batetik, tokiko merkatariek bezero berriak lortzeko eta euren produktuak ezagutzera emateko aukera dute. Bestetik, Berbalaguneko parte-hartzaileek euskaraz aritzeko egoera naturalak bizi dituzte, hiz- kuntza erabiltzeko konfiantza eta ohitura indartuz. merkalagun proiektuaren bidez honako helburu hauek lortu nahi dira:

  • Euskararen erabilera praktikoa handitzea eguneroko erosketetan eta zerbitzuetan.
  • Tokiko merkataritza euskaldunaren balioa nabarmentzea eta herritarren artean ezagutaraztea.
  • Berbalagun taldeei esperientzia berriak eskaintzea, motibazioa eta erabilera errealak uztartuz.

Orain arte hiru esperientzia pilotu egin dira: Derioko Liliak Loradendan, Sondikako Esther fruta-dendan eta Larrabetzuko Koloretako fruta-dendan, eta jasotako balorazioa oso positiboa izan da.

Horrenbestez, egitasmoarekin jarraitzea eta Txorierriko beste herrietara zabaltzea erabaki dute antolatzaileek. Hurrengo hilabeteetan Berbalaguneko talde gehiagok bisitatuko dituzte “Euskararen Lagunak” sareko beste establezimendu batzuk, dendak ezagutu eta bertako giroan euskaraz aritzeko.

Azken finean, proiektuaren helburua argia da: euskara eguneroko bizitzako espazioetara eramatea, kalera ez ezik herriko denda eta tabernetara ere bai.