Lehenengo hileak ez deusku arazorik sortzen: urtarrila. Bertako berbea be bada, baita Iparralde osokoa be. Sasoi hotza eta iluna danez, gipuzkoarrek ilbeltza esaten deutsie, eta nafar batzuek izotzila.
Bigarrenari zezeila esaten jako Txorierrin (zezeil, Larrabetzun; zezail, Sondikan). Sondikan bigarren izen bat be badauka otsailak: iltxiker. Jakina, egun gitxi daukaz eta! Katuak altan egoten diran sasoia danez, kataila (katuila) be esaten jako hile horri bizkaieraz egiten dan herri batzuetan.
Ostean martia dator. Mendebalde osoan entzun geinke izen hori. Apirila be bardin izentatzen da (herri batzuetan ahoz aprille). Laugarren hile horri jorraila be esaten deutsie bizkaitar batzuek.
Maiatza bardin. Ahoz Txorierrin maietza. Inguruko herri batzuetan, adinekoek-eta, loraila be esaten deutsie, Gamiz-Fikan esaterako.
Ekainari bagila esaten jako bizkaieraz (Txorierrin be bai). Beste izen asko be badaukaz Euskal Herrian: garagarrila (G, N), garagartzaroa (N), erearoa (L, N), arramaiatza (Z)...
Zazpigarrenari garagarrila esaten jako; garagarra batzeko sasoia, itxura danez. Euskal Herri luze-zabalean daukazen gainontzeko izenek be uztagaz daukie loturea: uzta (G,N), uztaila (Iparraldea), garila (N).
Hurrengo hiru hileak bardin: abuztua; ahoz, agustue, abustue be entzungo doguz Txorierrin. Mendebaldean galdu samar dagoan arren, sasoi baten dagonila be esaten jakon hile honi. Iraila (ahoz Txorierri, iralle, irille) izenaren oinarrian “ira (ida)” berbea dago, 'garoa' izentatzeko darabilguna. Beste izen ba-tzuk be badaukaz: agorra (G), buruila (L, Z), urria (N). Urriari Getxo-Leioa aldean urrieta esaten jako, baita beste muturrean be, Zuberoan.
Azken-aurreko hileak izen bakarra dauka mendebalde osoan: zemendia. Batuak ekarri deuskun azaro berbak, barriz, eremu zabalagoa hartzen dau (G, N, BN, Z).
Urteko azken hileari bardin esaten deutsagu euskaldun guztiok: abendua. Bizkaian eta Gipuzkoan bada bigarren izen bat (gabonila), baina oso erabilera txikia dauka.
Errepasoa amaituta, erraz konturatuko zinan izen asko bardinak dirala gurean eta osterantzeko euskalkietan. Ez bazenkizan, ikasi eizuz, bada, bertako izen zaharrak. Eta, aurrerantzean, zeuk erabagi noiz erabili...