Duela ez hainbeste, Elizak gaur egun baino indar gehiago zeukanean, ikastetxeetan mutilak eta neskak banatuta zeuden, baita eliza barruan ere, ia derrigorrezko zenean mezatara joatea, gizonezkoak alde batean jartzen ziren eta emakumezkoak bestean, nahastu barik. Jakina, sexuaren gaia guztiz tabua zen, eta aipatzeak bakarrik kokoteko bat baino gehiago jasotzeko arrazoia zen. Ostera, mendiko ibilbideetan Erdi Aroko ermitaren bat aurkitu, eta sarri, hauen kapitel zein beste eskulturetan irudi erotikoak aurkitzen ziren. Baina ez zen bekatua? Nola da posible?
Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Horren inguruan teoria bat baino gehiago dago. Garai horretan jende xeheak ez zekien irakurtzen eta harrizko irudien zein margoen bidez zabaltzen ziren mezuak. Batzuen ustez bekatua adierazteko irudiak ziren, seigarren mandamentuari kasu eginez. Beste teoria baten arabera garai horretan guztiz normaltzat hartzen ziren ugalketari lotutako horrelako irudiak. Kontutan hartu behar da ere ermita eta eliza askok jabe zibilak zeuzkatela, herrietako jauntxoak, eta hauen aginduz egiten zituztela irudiak. Badago hirugarren teoria bat: honen arabera, XII. mendean, eraikuntza erromaniko garaian, Calixto II Aita Santuak Letraneko kontziliora deitu zuen (1.123 urtean) eta bertan, beste gauzen artean, kleroaren zelibatua agindu zen. Teoria honen arabera, erabakiaren kontrako matxinada estali bat zabaldu zen kleroaren artean, eta horregatik, hainbeste sexu harreman esplizitu agertzea. Dena dela, aginduak ez zuen arrakasta handirik izan, eta Trentoko kontziliora arte (1545-1563) ez zen gauzatu. Argi dagoena da, gaurko begiekin ez zaigula errez egiten garai horretako iruditeria ulertzea.
Ibilbidea Arrigorriagako Mendikosolo parke ederraren aparkalekuan hasi dugu. Parkeraino jaitsi, eta urtegiaren ondotik egin dugu aurrera, bertan zegoen esplosiboen fabrika baten aztarnak oraindik ikusi daitezke. Erreka gurutzatu marka zuri-horiak jarraituz, eta menditik gora bidezidor politetik joan gara. Errepidera helduta, laster eskuinean dagoen estratatik jarraitu, ate pare bat gurutzatu, eta XII. mendeko Abrisketako San Pedro ermitan agertu gara. Ekialdeko horman leiho prerromaniko berezia dauka, erditik mutilatuta egon arren. Hegoaldean, antzinako sarrera baten gainean, bi irudi agertzen dira eta batean bikote bat larrua jotzeko posizioan dago. Oraingo sarrera, erromanikoa ere, mendebaldean dago. Iaz, ermita inguruan indusketak egin ziren eta nekropoli bat agertu zen. Arkeologoen ustez, ermita atzeko larrean, herrixka bat egon zitekeen, oraindik induskatu barik dagoena.
Aurrera jarraitu, eta beti ezkerretara eginez zirkulua itxi dugu. Igo garen bidezidorretik jaitsi beharrean, ezkerretara egin eta pista zabal batetik jaitsi gara. Bidean ur-jauzi polit bi aurkitu daitezke, urte sasoiaren arabera, ur gehiago edo gutxiagorekin. Ia amaieran gaudela merezi du Landaederraga hilerri bitxian sartu-irten bat egitea. Bost kilometro eskas eginda, hasierara itzuli gara.
