Politeknika Txorierrik hezkuntza berrikuntzako nazioarteko saria irabazi du Afrikan egindako proiektuagatik

Mikel Reina Barros 2026ko apirilaren 29a

Politeknika Txorierri irabazle izan da nazioarteko Quality Innovation Award (QIA) 2025 sarietan, hezkuntza-sektoreko berrikuntzaren kategorian. SUSTAIN-IT proiektuagatik irabazi du, Afrikan Lanbide Heziketa digitalagoa eta iraunkorragoa bultzatzera bideratutako ekimena da.

Saria ikastetxearentzat “beste mugarri bat” izan dela diote. Aurretik, Espainiako sarien fasean ere saritua izan zen, eta, horrela, hezkuntza berrikuntzaren esparruan duen proiekzioa sendotu duela uste dute.

Aurten, 6 herrialdetako 565 berrikuntzak parte hartu zuten nazioarteko lehiaketan, eta horietatik 24 proiektu baino ez ziren saritu, “berritasuna, erabilgarritasuna, ikaskuntza, erabiltzailearenganako orientazioa eta eraginkortasuna bezalako irizpideetan oinarritutako ebaluazio-prozesu zorrotz baten ondoren”.

SUSTAIN-IT proiektuak, Politeknika Txorierrik koordinatua eta Erasmus+ programaren laguntzarekin finantzatua, Ruandako, Zimbabweko eta Namibiako Lanbide Heziketako irakasleen gaitasunak indartzea du helburu, “tresna digitalak, ingurumen-sentsoreak eta iraunkortasunarekin lotutako erronketan oinarritutako ikaskuntza-metodologiak erabiliz”.

“Nazioarteko aintzatespen hori beste urrats bat da erronka globalekin lotutako Lanbide Heziketaren aldeko apustuan. SUSTAIN-ITek ezagutza partekatzeko, beste testuinguru batzuetatik ikasteko eta hezkuntzaren bidez benetako inpaktua sortzeko dugun konpromisoa islatzen du”, adierazi du Anabel Politeknika Txorierriko Estrategia eta Berrikuntza zuzendariak.