‘Hirigintzaren Eragina Euskararen Kale-Erabileran’ ikerketaren emaitzen txostena argitaratu berri dute. 2023an abiatutako azterlanean egindako urratsak eta ateratako ondorioak jasotzen ditu dokumentuak.
Espazio publikoaren antolamendua ez neutroa ez dela diote: herritarren bizitza, harremanak eta hizkuntza praktikak baldintza ditzake. Horregatik, ikerketan nabarmendu dute euskararen erabilera sustatu nahi bada, hizkuntza politikekin batera hirigintza politikak ere erdigunean jartzea garrantzitsua dela. Ikerketak, beraz, erakutsi du udalerri baten izaeran euskarak balio sinboliko eta identitarioa duenean hirigintza eredu zaintzaileak euskararen erabilera sustatzeko joera izan dezakeela. Horregatik, bide horretan sakontzea proposatzen du.
Ikerketaren arabera, auzo bateko kale erabilera ez dator beti bat bertako bizilagunen ezaugarri soziolinguistikoekin, besteak beste, hirigintza erabakiek auzoen arteko fluxuak eragiten dituztelako. Zerbitzu eta ekipamenduen kokapenak, adibidez, zuzenean baldintzatzen du kalean nor dabilen eta zer hizkuntza entzuten den.
Hezkuntza eta kirol ekipamenduen inguruan euskararen erabilera handiagoa antzeman dute eta, kontrara, osasun eta administrazio ekipamenduek erdaren presentzia handitzeko joera izan dezakete. Bestetik, azterlanak erakutsi du haurren presentziak euskararen erabilera handitzen duela.