Bilbao Exhibition Centrek Expovacaciones azokaren 46. edizioa ospatuko du maiatzaren 8tik 10era. Turismoaren sektoreko hitzordu erreferenteetako bat den azokak estatuko zein nazioarteko turismoguneen eskaintza zabala bilduko du aurten ere, publikoari turismo-proposamenak, aisialdirako aukerak eta joera berriak gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.
Aragoi, Kantabria, Galizia, Andaluzia, Errioxa, Euskadi, Gaztela eta Leon, Madrilgo Erkidegoa, Eivissa, Menorca, Ceuta, Melilla edo Kanariar Uharteak, Costa Brava eta Gironako Pirinioak dira aurten bertan izango diren eskualdeak, nazioarteko helmugekin batera, hala nola Lisboa, Alentejo, Algarve eta Portugalgo erdialdea.
Azokaren eskaintza bi ardatz nagusiren inguruan egituratuko da: Experimenta & Saborea. Experimenta ardatzak, turismo esperientzial eta aktiboari lotutako jarduerak eskainiko ditu, abentura, natura eta sentsazio berriak protagonista izango diren espazio batean. Simulagailuak, tailerrak eta turismo aktiboko proposamenak izango dira bertan.
Saborea guneak, bestalde, gastronomia izango du ardatz, hainbat tokitako turismo gastronomikoaren aurkezpen eta esperientziekin gozatzeko aukera eskainiz. Gainera, bisitariek erkidego bakoitzeko produktu adierazgarriak dastatu eta erosi ahal izango dituzte.
Bi ardatz horien bidez, Expovacacionesek eskaintza eta eskaria konektatzen dituen topagune izaten jarraitzen du, hala adierazi du Amaia Esnalek, azokaren Event Manager berriak: “Expovacaciones eskaintza eta eskariaren arteko topagunea da, eta bidaiariek proposamen pertsonalizatuak eta aholkularitza profesionala bilatzen dituzten unean erabakiak hartzeko prozesua errazten du”.
Familientzako proposamenak ere ikusi ahal izango dira bertan, txikientzako jarduerekin batera. Era berean, sektore profesionalari zuzendutako edukia ere indartuko du azokak, turismo adimendunaren gobernantzari buruzko jardunaldi profesional batekin, Basquetourrek antolatuta.
Azpimarratzekoa da, halaber, Expovacaciones 2026k Etikoa ziurtagiria izango duela, jasangarritasunarekin, gizarteratzearekin, erantzukizunarekin eta ingurunearekiko zein tokiko komunitateekiko errespetuarekin duen konpromisoa indartuz. Hiru egunez, Expovacaciones bidaiari, profesional eta turismoguneen arteko topagune eta inspirazio-gune bilakatuko da.