Bilboko EITBren egoitzan egin dute Puntueus Fundazioak antolatzen duen VII. Kaixomundua.eus webgune lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Lehiaketak helburu argia du: ikasleen gaitasun digitalak garatzea eta euskarazko eduki digitala sortzea webguneen bidez. Aurten, Txorierriko gazteen sormena eta lana saritu dute, bertako proiektu batek garaipena lortu baitu batxilergoko kategorian.
Derioko Politeknika Txorierriko Batxilergoko 2. mailako ikasle talde bat izan da garaile. Alaitz Aramburu, Ibon Lekue eta Julen Gorostizaga ikasleek garatutako saveme.eus webguneak lortu du lehen saria.
“Aurkeztutako lana ez da oharkabean pasa. Epaimahaiak webgunearen diseinu profesionala eta originaltasuna nabarmendu ditu: ziberbuling-aren gaia modu egokian eta berritzailean lantzen du eta erabiltzaileari baliabideak eskaintzen dizkio”, azaldu dute. Teknikoki landutako proiektua denez, epaimahaiak bereziki goraipatu du lan hau.