300.000 euskaldun gehiago 2036rako: euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka

Mikel Reina Barros 2026ko ekainaren 8a

Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztu duen ‘Pizkunderako Erronkak’ euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duten larrialdi linguistikoari erantzun eta indarraldi berri baterako ibilbidea abiatu nahi du. “Izan ere, azken diagnostikoek normalizazio eta biziberritze prozesuaren motelaldia utzi dute agerian. Are, atzeraldiaren arriskua ere handia da ezer egin ezean”. 

Horregatik, joera horiek irauli eta pizkunde berri bat gerta dadin eman beharreko jauziaren helburuak, adierazleak eta bitartekoak proposatu ditu. Gizarte gisa aurrera eraman beharreko erronka bat: euskalgintzarentzat, erakundeentzat, eragile sozial eta politikoentzat, eta, jakina, euskaltzaleentzat, eta, oro har, euskarari etorkizuna eman nahi dioten herritar guztientzat. Proposamenari babesa adierazteko, ekainaren 13an Iruñeko kaleak euskaltzaletasunez beteko dituen Euskaltzaleon Martxara joatera deitu du Kontseiluak.

Proposamenaren abiapuntua Kontseiluak duela bi urte plazaratutako diagnostikoa da: euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daude, eta ezinbestekoa da biziberritze prozesuan jauzi bat ematea, Pizkunde berri bat eragitea. Ardura horretatik abiatuta eta irtenbide gisa, Kontseiluak hamar urterako erronka bat proposatu du, arestian esan bezala, erakundeei ez ezik, gizarte osoari zuzenduta, ‘Pizkunderako Erronka’ izenburuarekin. Proposamena 140tik gora eragile sozialek sinatutako Batuz Aldatu adostasun sozial zabalean oinarritzen da.