Euskarabenturak uztailaren 1ean ekingo dio bere bideari

Mikel Reina Barros 2026ko ekainaren 26a

Aurten, zortzigarren aldiz, Euskal Herriko zein diasporako 130 gazte euskaldunek parte hartuko dute Atharratzetik abiatu eta Getxon amaituko den hilabeteko abenturan. Hala, beste behin, EuskarAbenturak “jzioqui dugu” aldarripean bultzada eman nahi dio euskararen pizkundeari.

Aurreko urteetan bezala, etapa gehienek Done Jakue bidea izango dute oinarria. Ibilbidean, ordea, moldaketak egin eta Euskal Herriko txoko berriak ezagutuko ditu espedizioak. Izan ere, espedizioak aurrenekoz Sakana gurutzatuko du; Irurtzunetik sartu eta Arbizu zein Olazti ezagututa. Bizkaiko kostaldean ere geldialdi berria egingo du Ondarroan. 

Guztira 650 kilometro inguru egingo dituzte aurten. Bataz beste egunean 17-20 kilometroko etapak egingo dituzte. Aurten 264 gaztek aurkeztu dituzte lanak proposatutako ondorengo hiru galderen gainean: “zer da euskalduntasuna?”, “ametsak egia bihur daitezke”? eta “zein garai historikora joan nahiko zenuke?”. Eusko Ikaskuntzak zein EuskarAbentura elkarteak lanak baloratu ostean, hauek dira herrialdeka kamiseta laranja eramango duten parte hartzaileek datuak: bizkaitarrak 45 (%34,62), gipuzkoarrak 29 (%22,30), nafarrak 26 (%20), arabarrak 13 (%10), lapurtarrak 7 (%5,38), behe-nafarrak 6 (%4,62), zuberotarrak 1  (%0.77) eta diasporakoak (Sant Cugat del Vallés, Bartzelona, Herrialde Katalanak) 3 (%2.31). Sexuari erreparatuta, %59,23 emakumeak dira (77) eta %40,77, aldiz, gizonak (53).