Parke Teknologikoak 40 urte betetzen ditu aurten eta atzo, ekainak 25, urteurreneko ekitaldi ofiziala ospatu zuten Pradales Lehendakaria buru zela. Bertan eman zuen hedapenaren berri. Parke Teknologikoak bere tamaina ia bikoiztera eramango du hedapen fase berriak. Bertan egon ziren Esther Apraiz Derioko alkatea eta Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatea.
Derioko Mantuliz eremurantza egingo dute hazkundea. Lehendakariak nabarmendu du parke teknologikoak “eraldaketarako eta hazkunderako tresna” izan direla: ekonomia etorkizuneko sektoreetara bideratuz, enplegu kualifikatua eta aukera berriak sortuz, eta ezagutza eta teknologia sortuz eta transferituz. “Duela 40 urte bezala, begirada altxatu behar dugu, ziurgabetasunari ekintzaz erantzun, eta apustua areagotu. Etorkizunari lekua egin behar diogu. Baita gure enpresa eta teknologia sarearen dinamismoari ere, eraldaketa horretan buru-belarri sartuta”, adierazi du.
Parke Teknologikoan 265 enpresa daude dagoeneko, eta egunero 12.000 pertsonak egiten dute lan horietan. “Okupazio indizea %97koa da, proiektu teknologikoak sortzeko erreferentziazko leku gisa finkatu den espazioan. Okupazio maila handi horren ondorioz, beharrezkoa da handitzeko prozesua bizkortzea”. Mantulizko lursailak gehitzeak (1,2 milioi metro karratuko azalera) espazioa ia bikoiztea ekarriko luke. 2030etk aurrera aurreikusten dute lehen enpresen ezarpena.