Jaurlaritzak 2027ko urrian egingo du euskara biziberritzeko nazioarteko kongresua, Bilbon

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 14a

Eusko Jaurlaritzak 'III. Euskal Mundu Biltzarra–From Basque to the World' aurkeztu du. Hainbat lekutako ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak eta hizkuntza komunitateak bilduko dituzte.

Orain dela urtebete aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an, "datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala" lortzeko. Izena da 'III. Euskal Mundu Biltzarra–From Basque to the World'. 2027ko urriaren 20a, 21a eta 22an ospatuko dute. Eta lekua Bilboko Euskalduna jauregia izango da. Kongresua 'Jauzia gara' egitasmoaren barruan kokatu dute, Eusko Jaurlaritzak "euskararen biziberritzean etapa berri bat irekitzeko eta bere erabilera sozialean aurrera egiteko" bultzatzen ari den proposamenean. 

Ibone Bengoetxeak azaldu duenez, nazioarteko kongresuan hainbat lekutako ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak eta hizkuntza komunitateak bilduko dituzte Bilbon, "euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz hausnartzeko"."Gure etorkizuna munduarekin batera eraiki nahi dugu, beste hizkuntza komunitate batzuetatik ikasiz eta euskal esperientzia partekatuz. Hori da From Basque to the World leloaren zentzua".