Eguzki eklipsea

Xabi Diaz 2026ko uztailaren 29a

(Magnific / Starline)

Mark Twainen Yankee bat Arturo Erregearen Gortean eleberrian, protagonista eguzki eklipse batez baliatuko da estualdi batetik ihes egiteko. Hortik aurrera denboran atzera bidaiatu duen XIX. mendeko Hank Morganek, bere zientzia eta teknologia ezagutzak aprobetxatuko ditu Arturoren aholkulari nagusi bilakatzeko, eta Merlin aztia zokoratzeko. Egile irudimentsuaren fruitua kasu horretan, badira baina horrelako fenomeno astronomikoz aprobetxatu diren hezur-haragizko pertsonaiak.

Eguzki eta ilargi eklipseak, gertakizun zirraragarriak dira; zirraragarri bezain beldurgarriak izan ere. Zer irudituko ote zitzaien gure arbasoei Ilargia gorritzen edo egun argian Eguzkia desagertzen ikusten zutenean?

Txinatarren ustez dragoi batek jaten zuen Eguzkia, bikingoen kasuan Fenrir otsoak, Ipar Amerikako choctawentzat, berriz, katagorri beltz batek. Piztia danborren eta oihuen bidez uxatzen saiatzen ziren hainbat kulturatan. Kasu batzuetan gertaera gatazkatsuen seinaletzat hartzen ziren, beste batzuetan, aldiz, Eguzkia eta Ilargiaren arteko maitasuna islatzen zutela iruditzen zitzaien.

Orain jakin badakigu eguzki eklipsea, Ilargiak bere argia oztopatzen digunean gertatzen dela. Ilargiak 28 egun behar baditu bira bat osatzeko, zer dela eta ez daukagu eklipse bat hilean behin?

Gure satelitearen biraketa ez da gertatzen Lurraren biraketaren plano berdinean, 5º okertuta dago. Hori dela eta, batzuetan, Eguzkiaren gainetik doala ematen du, beste batzuetan azpitik. Horregatik hain zuzen ere, eklipseetan ez da beti Eguzkia guztiz estaltzen, eta eklipse partzialak eta eraztun erakoak ditugu. Gainera, kasualitatez, Lurretik ikusita, Ilargiaren eta Eguzkiaren tamainak oso antzekoak dira, ezin egokiagoak fenomenoaz disfrutatzeko.

Ilargi eklipseen kasuan, Lurra da Ilargian itzala eragiten duena, Eguzkia eta Ilargia oposizioan daudenean, ilbetean. Berriz ere, plano desberdintasuna dela eta, eklipsea ez da hilero gertatzen, gehienetan, Lurrak eragindako itzala goitik edo behetik pasatzen delako.

Ikusgarriak izateaz gain, zientziak etekin handia atera die eklipseei. Gure izarraren argia hain potentea denez, zaildu egiten du bere azalean gertatzen diren fenomenoak aztertzea. Ilargiak izkutatzen duenean, orduan koroa, konkorrak eta erupzioak aztertu ditzakegu eta, adibidez, komunikazioetan eragina duten eguzki ekaitzak hobetu ulertu. Eguzkitik oso gertu dagoenez, Merkurio aztertzea ere konplikatu egiten da. Adibidez, Einsteinen erlatibitatearen hipotesia frogatzeko planeta horren orbitaren neurketa zehatz bat egin behar zen, eta horretarako 1919ko maiatzaren 28ko eklipsea aprobetxatu zen.

Oraindik ere baliagarriak diren arren, egun satelite artifizialak ditugu. Solar Orbiter adibidez, 2024ko martxoan Eguzkitik 46 milioi km-ra hurbildu zen, eta inoiz gertuen atera diren irudiak lortu zituen. Bere aldetik Sener enpresa bizkaitarrak lidertzen duen Proba-3 satelite bikoteak, eklipseak simulatzen hasi zen 2025eko urrian: batek kamera dauka, eta besteak itzala egiten dio.

Liluragarriak, beldurgarriak, Unibertsoa hobeto ulertzeko tresnak… eta hasieran aipatu bezala, historian ere eragina izan duten fenomenoak.

Cristobal Colonen eta bere marinelen hirugarren bidaian Jamaikara iritsi ziren, eta indioek ongi etorria eman, lagundu eta elikatu egin zituzten. Europarren barrabaskeriak zirela eta, bertokoek janaria emateari utzi zieten. Nahaspilatik irteteko, Colonek gertaera astronomikoak zituen almanaka batean ilargi eklipse bat izango zela ohartu, eta gertaeraz baliatu zen natiboak mehatxatu eta euren laguntza berreskuratzeko. Herodotok, duela 2.000 urteko mediarrak eta lidiotarrak borroka luzean zebiltzala kontatu zigun. Liskarretako baten erdian, eklipseak eguna gaua egin zuen, eta borrokalariek jainkoen errieta zelakoan, bakea egin zuten badaezpada ere.

XIX. mendean, berriz, Shawnee indioen liderrak ziren Tecumseh eta Tenkswatawa herrikideak elkartzen zebiltzan. Gerora Estatu Batuetako lehendakaria izango zen William Henry Harrisonek aipua kendu guran, bere jainkoak ahulak zirela esan zien, botererik ez zutela. Ez dakigu zelan, baina Tenkswatawak bazuen eklipseen berri, eta Eguzkia zeruan geldiaraziko zuela iragarri zuen. Ustela irten zitzaion politikari oldarkorrari, eta indioen arteko batasuna indartu baino ez zuen egin.

Hank Morgani ondo etorri zitzaion zientzia ezagutza sutzarretik libratzeko. Spoilerrik ez egiteko izena aipatuko ez dudan beste ipuin batean, trikimailu bera erabiltzen saiatu zen misiolari espainiar bat. Bere zoritxarrerako, eta Dresde Codicean ikusten den bezala, Mayek bazuten eklipseen berri, eta noiz gertatuko ziren aurresateko gai ziren. Fraidea ospakizunetan parte hartzera behartu zuten, bera izan zen izarra, burua galduz Ixbalanqué heroi bikien omenean.