Trebiñuko lurretara joan gara, eta autoa Estabilloko San Martin elizaren ondoan utzi dugu. Sarrera gotikoa ikusi ostean, herriko behealderantz eta eskuinera eginez, Arabako Santiago bidea jarraituz, garbitoki ederra aurkitu dugu. Estrata batetik gora egin, eta laster, asfaltoko bide estu batera irten gara. Berau jarraituz, txaletez betetako Burgeta herrira heldu gara. Garbitoki eta iturri dotore baten ostean, eliza dago, hau ere San Martini eskainia. XIII. mendeko fatxadan giza aurpegiak sumatzen dira. Kaletik hegoalderantz eginda, bigarren txaletaren lorategiaren horman dagoen irudiak merezi du begirada bat: erromaniko aurreko irudi bat dago harrian zizelkatuta, gotzain bat bere aulkian ei da.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Panguara eramango gaituen bidexka hartu dugu. Arte-baso bat gurutzatu eta hilerri txikira heldu gara. Horma altuak ditu eta barruan hagina bat dago landatuta, eternitatearen sinboloa ei zena. Gerran fusilatutako gorpu bat atera berri dute bertan. Pangua herrira sartu, eta etxe baten hormari adi luzaro egon gara, museo etnografiko polit bat dago bertan eskegita eta. Elizak, San Kornelio eta San Zipriano, ondo merezi du bisita ere. Itzela da, eta kanpandorre oso-oso altua du. Hain altua, zeren zaila egiten den goiko gargolak bereiztea, baina han daude, dotore. Eguzki-erlojua, XIII. mendeko portada eta kanpandorrera doan pasabidea ere ikustekoak dira.
Etorri garen bidetik atzera eginez San Formeriora bidaltzen duen seinalea dago. Asfaltoko bide estu bat da, baso erditik doana, zuzenbide luzeak dituena, eta benetan luze egiten direnak, zeren igoera gogorra da. Gora helduta, eta arnasa hartu ostean, harkaitzean zulatutako bi hilobi antropomorfo aurrez aurre aurkitu ditugu, eta goian, San Formerio ermita-eliza handi eta sendoa. Gerra ezberdinetan gotorlekua izandakoa da, bertatik inguru handia kontrola daiteke eta. Barruan hezurrak gordetzen dira eta burua urna eta mausoleo eder batean dago. Kondairak dio errelikia Asiatik bertaraino ekarri zutela, eta buruko minak kentzeaz gain, aziendak eta uztak babesten dituela. Ermita bat baino gehiago da, duda barik.
Ibilaldiaren zirkulua ixteko, mahai batzuk dauden landatik behera eginda, bidezidor ederra aurkitu dugu, GR1 dena. Laster ezkerretara doan beste bidetxo batetik eginez mendilerro hertzetik joan daiteke bistaz gozatuz. Guk ostera, aurrera egin dugu GR1etik, gerizpeaz gozatuz, zuhaitz artean doan bidezidor polita bai da. Estabillora arazo barik heldu gara.
Behin Trebiñun egonda bi proposamen gehiago: Lehena 14 kilometrora dagoen Kutxo herri politaren hilerria bisitatzea, zeren gari-solo artean dagoen hilerri dotorean lau leiho prerromaniko daude txertatuta, ikustekoak. Bidaia ondo amaitzeko Askartza herrira hurbildu, eliza dotorea ikusi eta bertako sagardotegian giro euskaldunean bazkaltzea besterik ez da falta.