AEKk euskaltegiak bete nahi ditu 2026-2027 ikasturtean

Mikel Reina Barros

AEKk ‘Euskara eroso ikasi eta bizi/Aprende y vive el euskera cómodamente/Apprenez et vivez le basque avec plaisir’ kanpaina aurkeztu du. Horrela eman dio hasiera 2026-2027 ikasturteko matrikulazio epealdiari, dagoeneko zabalik baititu.

Aurkezpenean azaldu dute, kanpainako iazko leloari eutsi arren, irudia aldatu egin dela ikasturte honetan: “Besaulkia alfonbra batez ordeztu dugu. Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu; euskara bera Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera gura dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko...”.

Xedea lortzeko ezinbestekoak izango diren hainbat kontu aletu dituzte: “Euskara ikasketen doakotasuna eta irisgarritasuna, HEAren inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta, azkenik, lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea. Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak; bereziki EAEn ezarri den Euskara Bonua. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea”.

Era berean, gogoratu dute matrikulazioa zabalik dagoela AEKren euskaltegietan, “bertan herritarrek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen, horixe baita AEKren xedea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea gura dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian... Erronka-zaleak gara AEKn, eta hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea dugu erronka. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da”.

Dirulaguntzei dagokienez, Euskara Bonua da 2026-2027 ikasturterako berrikuntzarik nabarmenena EAEn: A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek, 120 euro ordainduta, 4 urtez ikasi ahal izango dute, ezer gehiagorik ordaindu gabe. Nafarroan ere urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere %100 berreskuratzen ahalko dute matrikula. Ipar Euskal Herrian, formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.

Amaitzeko, ikasturte berriko irudian ageri den logotipo berriari erreparatuta: “50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen”. AEK lehenago sortu zela adierazi dute, baina duela 50 urteko ikasturtea oso une esanguratsua izan zela: “1976-77 ikasturtean ikasle kopurua %300 handitu zen, eta ikasle uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze euskalduntzeari: indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dugu kartelen eta bestelako euskarrien bidez. Erran gabe doa hau hasiera baino ez dela. Gaur egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak”.