Eskolara joateko garraioarekin, arazoak

Mikel Reina Barros

Ikasturtea hasi besterik ez bada egin, Txorierriko zenbait eskolatan arazoak izaten ari dira ikasleak ikastetxera eraman behar dituen garraioarekin. Are gehiago, joera orokorra omen da Bizkaian, beste herri batzuetan ere horrelakoak izaten ari direnaren albisteak atera baitira.

Larrabetzuren kasuan, taxi zerbitzua falta zaie oraindik, hau da, duten bakarra, autobus zerbitzua badaukate ere. Hain zuzen ere, Erkinko auzoko bizilagunak ari dira pairatzen zerbitzu murrizketa. Bertan, 6 umek erabiltzen dute zerbitzua eskolara joateko, eta orain gurasoek hartu behar izan dute ardura, horrek suposatzen duen guztiarekin.

Sondikan ere taxi zerbitzu bat falta zaie iazko ikasturtearekin alderatuta. Kasu honetan, ordea, bi taxi erabiltzen dituzte, eta bigarrena martxan dabil betiko lez. Azkenik, Lezaman, taxi zerbitzuarekin baino, autobusarekin dute arazoa. Iazko ikasturtean dena beti bezala mantentzea lortu bazuten ere, inolako oharrik gabe, lehen egunetan geltoki bat ‘desagertu’ zela konturatu ziren. Hala ere, arazoaren berri eman eta momentuz geltokia berreskuratzea lortu dute.