‘Zazpi jauziz, herri bat’, Gure Eskuk dantzan jarriko ditu hiriburuak urriaren 25ean

Mikel Reina Barros

Nazio gisa jauzi bat, etorkizunez beteriko jauzi bat. Horixe irudikatuko du Gure Eskuk urriaren 25ean, ‘Zazpi jauziz, herri bat’ ekimenaren bitartez: 12:00etan, Zazpi Jauzien dantza egingo dute, aldi berean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan: Maulen, Donibane Garazin, Baionan, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon. Bizkaian, Arriaga plazan egingo dute. 

“Gure Eskun argi dugu: egoera horretan, euskal herritarrok geure nazio sena biziberritu behar dugu, geure lurraldeen arteko kohesioa indartu behar dugu eta burujabetza tresnak eskuratu behar ditugu. Hain zuzen ere, garai honek dakarzkigun erronkei erantzuteko, geure identitate eta kulturari eusteko eta geure herritarren eskubideak babesteko eta zabaltzeko. Horregatik diogu Euskal Herriak jauzi bat egin behar duela herri gisa”, azaldu dute.

Baina, zergatik dantza? “Dantza ez da soilik adierazpen kulturala: herri memoria transmititzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna ere bada. Euskal Herrian dantza gure identitateari eusteko eta hura lantzeko bidea izan da. Dantzaren bidez herri bat erakutsi eta aldarrikatu dugu. Dantzaren bidez herri bat eraiki dugu”. Zazpi jauzi, beraz, zazpi herrialdeetan, herri gisa jauzi bat egiteko.

Ekimena pertsona guztiei irekia da, dantzazalea izan ala ez, dantzan iaioa izan ala ez: herri ekitaldi bat izango da, festa giroa izango du oinarri eta herritarrei aukera emango die haien konpromisoa agertzeko.