Diotenez, gero eta ugariagoak dira “euskadunon aurkako erasoak, sententzia judizialak, epaiketak edota diskurtso euskarafoboak”. Horregatik, munduan eskuina hedatzen ari den garaiotan, uste dute “inoiz baino garrantzitsuago” dela “olatu erreakzionarioaren aurka eta justizia sozialaren alde kaleak hartzea eta herri mugimenduko eragileon arteko aliantzak sendotzea, nola ez, euskaraz”.
“Euskaraz diogu, Euskal Herri antifaxista euskaraz izango delako edo ez delako izango. Izan ere, ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk ulertzen, ezta nahi ere; euskarak egiten gaitu herri eta herririk ezean, ez dago herri antifaxistarik ere. Euskal Herritik faxismoari aurre egingo badiogu euskaraz egingo diogu. Era berean, badakigu euskara edo euskalduntasuna ez dela, bere horretan, eskuin muturreko ideien edo diskurtsoen antidotoa. Antigorputz sendoak ditugu, baina ez gaude salbu. Horregatik, gure aldarria argia da: euskara faxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila, euskara hizkuntza antifaxista!”.