Zabalik dago Txorierriko 29. ipuin lehiaketako parte hartzea

Mikel Reina Barros

Lanak entregatzeko azken eguna azaroaren 20a da, herrietako liburutegietan edo Mankomunitatean. Bost kategoria banatu dituzte, adinaren arabera: A kategoria 7 urtera arte, B kategoria 8 eta 9 urtekoak, C kategoria 10 eta 11 urtekoak, D kategoria 12 urtetik 15 urtera artekoak eta E kategoria 16 urtetik gorakoak.

Lanak euskaraz izan behar dira eta gaia librea da. Lanen ebaluaketan, besteak beste, irudimena, kreatibitatea eta presentazioa hartuko dituzte kontuan. Lanak ez dira lau orrialde baino luzeagoak izango eta parte-hartzaile bakoitzak ezingo du lan bat baino gehiago aurkeztu. Lanak gutunazal handi batean aurkeztu behar dira eta kanpoko aldean kategoria eta bakoitzari dagokion udalerria baino ez dira idatziko. Gutunazal barruan ipuina eta beste gutunazal txikiago bat sartuko dira. Gutunazal txikiaren barruan izendeiturak, helbidea, adina eta telefonoa jarri behar dira.

Kategoria bakoitzean sari bat banatuko dute eta kategoriako eta herriko bi akzesit emango dira. Akzesitak, Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko sari gabeko bi ipuin onenei emango diete.