Eguenean udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egingo ditu Gernika-Palestinak

Mikel Reina Barros

Gazako zein Zisjordaniako egoerak salatu nahi dituzte protesten bidez. Mundu osoan gailentzen ari den “deshumanizazioari” eta haren aurkako erantzunari buruz hausnarketa egiteko eskatu diote euskal gizarteari.

Azken hiru urteetan Palestinako egoera okertu besterik ez dela egin salatzeko, eguenean, urriak 8, berriz kalera ateratzeko deia egin du Gernika-Palestina plataformak: elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxeen aurrean, 19:00etan, ‘Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!’ lelopean. 

Deitzaileek gogoratu dute Gazako sarraskia ez dela eten: eremuaren zati handi bat bereganatua duela Israelgo armadak, iaz su etena adostu zutenetik 1.300 pertsona baino gehiago erail dituela Israelek, eta 8.000 gorpu berreskuratu ezinik dabiltzala. Zisjordanian ere okerrera doa egoera, plataformaren arabera: aurten, kolonoen 1.200 eraso baino gehiago izan dira. 

Era berean, mundu osoan “genozidioak dakarren deshumanizazio forma guztiak nagusitzen” ari direla salatu dute. Horregatik, “hausnarketa sakona” egiteko eskatu diote euskal gizarteari: “Ezin dugu onartu, ezin dugu normalizatu, eta ahal den guztietan mobilizatu behar dugu palestinarren itxaropenari eusteko”.