Zamudioztar batzuek amakutxea esaten deutsie beti amagaz egon gura dauan umeari. Dana dala, amazuloa be badinoe, baita Txorierriko ganerako herrietan be. Ipar Euskal Herrian antzeko berbea darabile: amaziloa. Gipuzkoan eta Nafarroa, barriz, amazorroa. Eta Erronkari aldean amakoia inoen.
Hamaika aldiz entzun dogu ama bakarra daukagula, eta ondo jagoteko. Eta, halan da izan, norberak ama bakarra dauka-eta, baina gehienok amaren trazea daukien emakume gehiago daukaguz inguruan.
Goazen lehenengoagaz. Emaztearen edo senarraren amari amaxea dinotsie Zamudion eta Larrabetzun; Sondikan eta Loiun, barriz, aubea.
Bataioko ama be euki geinke: amabitxia. Izen gehiago be badaukaz: ama besoetakoa, ama pontekoa, amandrea, ugazama... Kontu ezaguna da gurasoek aukeratzen ebezala aitabitxi-amabitxiak.
Seme-alaba batzuek amatzat hartzen daben emakumea daukie. Txorierrin amaordea edo amaordekoa esaten jako. Horrek be izendapen gehiago daukaz han eta hemen: amaerdia, amatzakoa, amaizuna...
Hizkuntza-transmisinoaz gabilzala, gaur egun be jarraitzen dogu ama-hizkuntzaz berba egiten, sarritan aitarengandik be jaso arren ondare hori.
Gizakion ama edo amak euki doguz berbagai, baina ez daigun ahaztu animaliek be badaukiela eurena. Gureari mendebaldean ama esaten deutsagu, animalienari, barriz, amea.
Bakarra ala bat baino gehiago euki arren, zaindu daiguzan amak!