‘Eraman euskara praktikara’ kanpaina jarri du martxan AEK-k

Mikel Reina Barros

AEKren Praktikatu Zerbitzuak 2026-2027 ikasturterako kanpaina aurkeztu du, ‘Eraman euskara praktikara’ lelopean. Euskaldun oro euskaraz aritzera animatzea du helburu, eta horretarako, ohiko mintzataldeez gain, mota askotako taldeak eskainiko ditu.

“Hizkuntza guztiek behar dituzte hiztunak, bai etxean jaso dutenak bai ikasgelan ikasi dutenak: den-denak dira beharrezkoak. Halere, erabili ezean, ezagutza soila hankamotz geldi daiteke; bada, horixe da aurtengo kanpainaren gakoa. Laburbilduta, euskaradunak euskara praktikatzera animatu nahi ditugu”. Horrela laburtu dute aurtengo kanpaina. 

AEKren Praktikatu Zerbitzuaren xedea da akatsak egiteko beldurra alde batera utzi eta bakoitzak bere erritmoan egitea aurrera, “bidean konfiantza eta erraztasuna eskuratzeko”. Laster hasiko dituzte berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak elkartzen. Online ere praktikatu ahal izango da, azarotik aurrera. Azkenik, 2027ko ekainaren bukaeratik irailera, udako taldeen txanda izango da. Horrez gain, programetako dinamizatzaileek hainbat ekintza ireki antolatuko dituzte ikasturtean zehar aisialdian euskaraz gozatzeko

Azpimarratu dute programa guztiak direla doakoak, nahikoa da aurretiaz izena ematea www.praktikatu.eus atarian. Edonork har dezake parte, bi baldintza betez gero: batetik, gutxienez 16 urte edukitzea; bestetik, euskara ikasten ari direnak B1 mailan edo hortik gora egotea.