Denok bizi izan dugu noizbait abesti batek iraganeko une batera eramateko duen ahalmena. Akorde gutxi batzuk entzutearekin nahikoa izaten da haurtzaroko bizipen bat gogorarazteko, maite dugun norbait gogora ekartzeko edo aspaldiko emozio bat berriz sentiarazteko. Musikak gure memoria pertsonalaren zati bat gordetzen du, eta horregatik askotan babesleku edota bidelagun bihurtzen da.
Baina ez du soilik norbanakoengan eragiten musikak. Herri baten memoria ere gordetzen du. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako kantuetan bizimoduak, ohiturak, ospakizunak eta komunitate baten balioak geratzen dira jasota. Liburuetan agertzen ez den historia, herri baten benetako altxorra.
Gaur egun, bizitzeko erritmo azkarrek eta gero eta indibidualizatuagoa den gizarteak arriskuan jar dezakete elkarrekin eraikitako memoria hori. Horregatik da garrantzitsua espazioak sortzea pertsonak elkartu, entzun eta partekatzeko. Eta horretan ere musikak badu zer esan handia. Abesteak, sortzeak edo musika partekatzeak edade, jatorri eta bizipen desberdinak dituzten pertsonak elkar-tzen ditu. Komunitatea egiten du.
Eta ideia horretatik abiatu gara, hain zuzen, Gamiz-Fikan martxan jarri dugun Hesitik zubira proiekturako. Herriko memoria historikoa oinarri hartuta, kanta bat sortu dugu Gamiz-Fikako Abesbatza eta Batuz Gizarte Fundazioaren Derioko PAI Bitartean eguneko zentroko eta Gamizeko egoitzako partaideekin batera, prozesuan bertako hainbat norbanako eta agente inplikatuz.
Izan ere, Lander Mella fikatarraren gidaritzapean, Eperlandako lubakia, bertan gertatutakoak eta herriak sarraski hura nola bizi izan zuen gertutik ezagutu ondoren, Arriera konpainiako Maria Ramirez sortzailearekin, collagearen bitartez, gorputzera ekarri ditugu lubakian entzun eta sentitutakoak. Sormen ariketa honek, inspirazio iturri gisa jardun du, gerora, Ainhoa Gorostiaga eta Ibon Larrazabal bertsolari gamiztarrekin batera erditu dugun letrarentzat.
Bide honetan, Mixerabliak talde larrabetzuarrak hitzak dantzan jartzeko doinua oparitu digu eta ahotsak berotu eta abestia grabatzea da orain ikasturtea hastearekin batera emango dugun hurrengo pausoa. Ane eta Maialen Rekalde ahizpa larrabetzuarrak ere bidaide izan ditugu prozesu osoan zehar, objektiboaren bestaldetik uneak eta emozioak iruditan jasotzen. Azaroaren 6an aurkeztuko dira, Fikako eskoletan, herri-memoriatik eta elkarlanean eraikitako sormen prozesu musikal honek biltzen dituen lanak.
Hala ere, benetako ondarea ez da soilik sortutako abestian, artelanetan edo jasotako irudietan aurkitzen, elkarrekin egin dugun bidean baizik. Iragana gogoratzeko ez ezik, oraina elkarrekin eraikitzeko aukera izan baitugu. Eperlandako lubakitik abiatu eta memoria, sormena eta pertsonen arteko loturak uztartu ditugu, musikaren bidez zubi berriak eraikiz. Izan ere, memoria partekatzen denean bizirik mantentzen da eta, ahotsek bat egiten dutenean, komunitatea sendotu egiten da. Horixe da Hesitik zubira ekimenaren funtsa: atzoko istorioak gaurko kantu bihurtzea, etorkizunera elkarrekin begiratzeko eta herria eraikitzen jarraitzeko.
Azken finean, musikak badu zerbait berezia: pertsonak hunkitzeko gaitasuna izateaz gain, pertsonak elkartzeko gaitasuna ere badu. Eta komunitate batek bere historia elkarrekin gogoratu eta kantatzen duenean, historia hori bizirik mantentzeko aukera handiagoa du. Musikak, azken batean, ez gaituelako soilik entretenitzen. Lotu egiten gaitu, sendo. Eta abesten duen herria ez da inoiz hilko.