“Prozesu horren helburua da lurraldeak enpleguaren, lehiakortasunaren eta toki-garapenaren arloan dituen erronka eta aukera nagusiak identifikatzea”, azaldu dute. Jardunaldian, orain arte egindako analisiaren emaitza nagusiak partekatuko dituzte. Parte hartuko duten eragileek beren ezagutza eta esperientzia eskainiko dituzte, bildutako informazioak eskualdeko errealitatea eta bertako enpresen nahiz herritarren beharrak behar bezala islatzen dituela egiaztatzeko. Datuak baliozkotzeaz gain, saioak aztertutako arloei buruzko oharrak, ñabardurak eta ekarpen berriak biltzeko aukera emango du.
Diagnostikoa egiteko, datuen analisia, elkarrizketak, galdetegiak eta parte hartzeko guneak uztartu dituzte, eskualdeko enpresen eta eragile sozioekonomikoen ikuspegia txertatzeko. Ekimen horien artean daude ekainean eta uztailean egindako Talent Gune Txorierri aurrez aurreko jardunaldia eta Digital Gune Txorierri online jardunaldia.
Fase hori amaitutakoan, Txorierriko Enplegu eta Toki Garapeneko Planaren helburuak, ildo estrategikoak eta jarduketak zehazteko lanean aurrera egingo dute. “Identifikatutako behar eta aukerak ekimen bihurtzea da helburua, enplegurako sarbidea hobetzeko, prestakuntza eta kualifikazioa indartzeko, enpresa-sarea sendotzeko eta eskualdeko garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko”.