Antoñana herrian, bide bazterrean, tren bagoi batzuk daude geltokia izandako eraikinaren ondoan. Autoa bertan utzi, eta bagoietara sartu gara. Turismo bulegoan, Araba Mendialdeko informazio ugari dago eta Vasco-Navarro trenaren (trenico) historia ere bertan ezagutu daiteke. Garai batean, Bergara eta Lizarra lotzen zituen trenbide honek. Gaur egun, bide berde bezala dago eraldatuta gehiena. Ibilbidea hasi dugu, Kanpezurantz doan antzinako trenbidetik. Zuhaitzen artean doa, zuzen luze-luzeak, eta jakina, inolako aldapa barik. Ega ibaia gainditzeko zenbait zubi daude, eta hiru kilometro eta erdira, apur bat desbideratuz, Lizartzako igerileku naturala ikusi daiteke, leku freskagarria uda partean.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Aurrera jarraitu dugu, eta Kanpezu parean (herri interesgarri hau beste une baterako utziko dugu) trenbide zaharra utzi, eta ezkerretara egin dugu errepidetik, oso distantzia laburra, zeren ezkerretara berriro komentuko bidea markatzen duen seinalea dago. GR1eko marka zuri-gorriak ikusten dira, eta hauek jarraitzea besterik ez da behar. Laster asfaltoa amaitu eta pista zabal batek, iparralderantz, mendirantz eraman gaitu. Goian, Hornillos mendia ikusi daiteke, beherago harkaitzen horma luzea, eta honen azpian, zuhaitzen artean, Pierolako kanpandorrea. Bertara helduta beste garai batean komentua izandako eraikin handitik asko ez dela gelditzen konprobatu dugu. Gehiena jausita dago, eta landa- retzak estalita. XI. mendetik dokumentatuta dago Pierola, XV. mendean frantziskotarrak ezarri ziren bertan, eta XIX. mendean abandonatu zuten.
Goiko aldera igaro eta errez aurkitu dugu ezkerretara itzultzeko pista, marra zuri-gorriak jarraituz beti. Pista erosoek, gehienetan zuhaitz artean beherantz, Antoñanara eraman gaituzte. Herrira sartu baino lehen, XIII. mendeko Landako Ama Birjinaren ermita bisitatu dugu, badu zeozer erromanikotik, gehiengoa berriztuta egon arren. Ostean, beste garai batean guztiz harresituta egon zen Antoñana ederrean sartu gara. Oraindik ikusi daitezke harresia izandakoren tarte asko, dorretxea, kale estu eta ederrak, garbitokia, kartzela izandakoa... Aipatzekoa da ere Xabier Santxotena eskultore nafarraren bi obra daudela herrian zehar: Iditu, horma batean aurrean eta Lamia, azken hau garbitokian. Herriko txokoetatik lasai paseatu ostean, erreka ondoko pasabidetik bidea gurutzatu eta hasierako aparkalekura heldu gara.
Antoñanan egonda, merezi du beste txango batzuk aipatzea. Iparraldetik Aguake ur-jauziraino joan etorria, erreka ondotik 6 kilometro inguruko paseo ederra. Iparralderago, autoz joan daiteke, Oteoko errota izandakoa eta bere atzeko ur-jauzi ederra. Hegoalderantz eginez, Izki parke naturalerantz, Antoñanako hagin erraldoi eta enblematikoa dago, Euskal Herriko handiena ei dena. Gertu ere Fausto Labradoren gorpu ustelgabea ei dago Buxandan. Alguairekoa zen (Lleida) eta legendak dionez, hil ostean zaldi gainean jarri eta libre utzita jausten zen lekuan lurperatzeko agindua emana zuen. Buxanda da leku hori.