ALTXA BURUA

“Mugikorrak anestesia bezala erabiltzen ditugu”

Mikel Reina Barros

(Aner Mentxaka Alvarez)

Pantailen erabileraren inguruko arazoa oso zabala da, ertz asko ditu: hezkuntza, osasuna, sare sozialak.... Hain zuzen ere, ertz horietako batzuekin hitz egin nahi izan du Aikor aldizkariak. Txorierriko Altxa Burua taldea abiapuntu hartuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Aikorrek, hurrengo egunetan argitaratuko dituenak. Gaurkoa Mirene Beriain Rodriguez lehen mailako arretako pedriatrarena da.

Pediatra zarenetik, zer eragin ikusten duzu pantailen erabileraz umeengan?
Pantailak duela asko daude gurekin, baina pantailen diseinua eta erabilera asko aldatu da azken urteetan. Lehen telebistaren aurrean zeuden denbora hartzen genuen kontuan, eta gaur egun beste kontu asko daude. Eta ez da bakarrik umeen gauza, baita gurasoena ere. Ikusten ari gara erabilera oso goiz hasten dela, askotan adinerako egokiak ez diren edukiak ikusten dituztela, eta denbora gehiegiz gainera. Gurasoek, batzuetan, ez dute behar beste gainbegiratzen eta ez daude jakinaren gainean zer nolako edukiak kontsumitzen dituzten. Mundu digitalean bizi gara, atzean geratu dira etxeko egongelako telebistako pantailak, smartphone-ak, tabletak, bideo jokoak eta beste asko daude gure inguruan. Oso eskuragarri daude eta oso modu errazean jotzen dugu erabil- tzera, txiki-txikitatik gainera. Beraz, gero eta arinago erabili, eraginak handiagoak eta larriagoak izango dira. Azkenenean haurrak garapen prozesuan daude, oraindik ez dute burmuina prestatuta horrelako edukiak eta beraien moduetara (argiz eta soinuz betea) jasotzera. Hori gutxi ez, eta algoritmoek gure gustuetara egokituta edukiak prestatzen dituzte, are eta erakargarriago bilakatuz. Horrenbestez, umeen burmuinak bestelako erritmo eta estimulo batzuk behar dituzte.

Zuk dagoeneko ikusi dituzu eraginak?
Ez da hain erraza, kausa eta efektu hori zuzenean kasu batean neurtzea. Garrantzitsua da pantailen erabileraren inguruko galderak egitea haur batek neurogarapenean arazoak dituenean, hizkuntzan atzerapenak dituenean edo harremantzeko arazoak baditu. Lehen ez genuen galdetzen, baina orain bai. Ikerketa zientifiko askok erakusten digute pantailak erabiltzen diren bezala zuzenean eragina dauka garapenaren hainbat alorretan. Askotan kasuek bat egiten dute txikitatik pantailen erabilera altua duten umeekin. Nerabeengan ere influentzia handia daukate eta arazoen aurrean egon daitekeen arrazoietako bat izan daiteke, eta horren inguruan galderak egin behar ditugu. Hauek sare sozialak erabiltzen dituzte eta bertako interakzioek edota edukiek zuzeneko eragina dute. Orduan kontsultara etortzen direnean, kontuan hartzen dugun eta sakontzen dugun faktoreetako bat da pantailen eta sare sozialen erabilera. Lanketa bat egin beharra dago, beste alor batzuetan egiten den bezala. Ez da ikuspuntu sinplista bat, jakin badakigu osasun mentala edota neurogarapena gai konplexuak dira eta eragile asko daudela hor, gaur egungo pantailen erabilera eta diseinua faktore erabakigarri bat jokatzen ari dira.

Zer diote ikerketa zientifikoek?
Gero eta erabilera goiztiarragoa egin eta zenbat eta ordu gehiagotan erabili, eragin zuzenagoa duela umeen gaitasun kognitiboan. Batez ere kontrolik gabe egiten denean, eduki desegokietara sarrera errazten delako. Arretarengan, adibidez, eragin zuzena dauka. Gailuek zailtzen dute umeek arreta mantendu ahal izatea edota ikastea. Funtzio ejekutiboak ere garatzea oztopatzen du, eta hori, berez, landu beharreko funtzioak direla, besteak beste gailu horiek berak modu egokian erabili ahal izateko. Azkenean, mugikorrak anestesia bezala erabiltzen ditugu. Gaizki gaudenean, ebazio modura, erabiltzen dugu, baita aspertuta gaudenean ere. Umeentzako, ordea, haien garapenerako oztopo batean bilakatzen da, haserre edo aspertuta daudenean pantaila jartzen diogu aurrean lasaitzeko. Ikasi behar dute beraien garai ezkorrak kudeatzen, ez ditugu txupete digitalarekin isildu behar. Momentu txar horiek bakarrik kudeatuko dituzte, beste batzuk gurasoekin edota lagunekin, baina mugikorrean ez dute irtenbidea aurkituko. Anestesia digitala azkenean momenturako bakarrik da erabilgarria, umea isilduko da bai, baina ez du ikasiko, eta etorkizunera begira egoerak txarrera joko du.

Horretara goaz, zelan ikusten duzu etorkizuna?
Arazoa oso konplexua da, alor asko ditu. Interes asko daude atzean, besteak beste, ikaragarrizko indarra duten enpresa teknologikoak. Egoerari aurre egitea gizarteko arlo desberdinei dagokigu, elkarlana funtsezkoa da. Batetik, osasun arlotik, badaukagu lan handia kontzientziazioan edota familiei gomendioak helarazten. Bestetik, instituzioek paper oso garrantzitsua dute, osasun edota hezkuntza alorretan arautzeko gaitasuna dute. Azkenik, Altxa Burua elkarteak egiten duen lana ezinbestekoa da. Kontzientziazio alorrean, uste dut oso garrantzitsuak direla. Batez ere erakusten digute familiak arduratuta daudela. Lanketa handi bat dago beraien seme-alaben osasun eta garapenaren kalte posible horren aurrean zerbait egiteko eta horregatik antolatzen, elkartzen eta borrokatzen dute. Gaur egun mobilizazio soziala ez da orokorrean oso handia. Beraz, oso garrantzitsua iruditzen zait familiak borroka honen alde bat egitea. Bidea zaila da, luzea eta nekeza, baina merezi du eta gero eta jende gehiago batu, orduan eta aukera gehiago izango dituzte behar diren ateak jotzeko eta benetan erabakiak hartzen dituzten pertsonengana heltzeko.